argia.eus
INPRIMATU
Elena Lopezen “Los que desean” film laburrak irabazi du Zinebiko sari nagusia
  • Euskal Zinemaren Saria irabazi du Maria Elorzak, Ancora Luciole lanagatik. Sari banaketa gaur izango da, jaialdiaren itxiera ekitaldian.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 16a
Elena Lopezen \"Los que desean\" film laburra

Epaimahaiak ostegunean eman zituen jakitera irabazleak, itxiera ekitaldiaren bezperan.  Azaroaren 9an eman zioten hasiera Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiaren 60. edizioari, eta gaur amaituko da Bilboko Arriaga antzokian sari banaketa nagusiarekin.

Nazioarteko 52 lan ikusgai izan dira,tartean Euskal Herrian ekoitzitako sei, eta horietako bat euskaraz hutsean; Azken Otsoa film laburra, Iker Maguregirena. Sei horien artean banatu da Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Maria Elorzak eraman du, Ancora Luciole film laburrarengatik.

Sail nagusiari dagokionez,epaimahaiak zoriondu egin ditu parte hartzaile guztiak, “oso maila ona” izan dutelako. Eskerrak eman zizkioten Zinebiko lantaldeari, “zinemaren mundu maskulino honetan emakumezkoez osatutako epaimahai bat izateagatik”. Sari nagusia Elena Lopezi emango diotela aurreratu dute, Los que desean film laburrarengatik. “Egin duen irudikapen objetiboagatik, konplexutasun aberatsagatik eta arraren kulturarekiko agertzen duen hausnarketarako posizioagatik eman diogu saria”, adierazi zuten.

Hona sarituak:

- Jaialdiko Sari Nagusia. Los que desean, Elena Lopez Riera (Espainia).

- Euskal Zinemaren Sari Nagusia. Ancora Lucciole, Maria Elorza (Euskal Herria).

- Zinema Espainiarraren Sari Nagusia. Entre Railes, Delfina Spratt eta Alex Puig Ros (Espainia).

- Fikziozko Urrezko Mikeldia. Counterfeit kunkoo, Reema Sengupta (India).

- Animaziozko Urrezko Mikeldia. Tracing addai, Esther Niemeier (Alemania).

- Dokumentalen Urrezko Mikeldia. I signed the petition, MahdiFleifel (Erresuma Batua / Alemania / Suitza).

- ZIFF- Zinebi First Film Saria. Acidforest, Rugile Barzdziukaite (Lituania).