Azken egunotan argindarraren prezioaren gorakada salatzeko asmoz, herri-protesta egin dute gaur, eguaztenean, Iberdrolak Algortan daukan bezeroentzako arreta-bulegoan. GuNe taldeak deituta, 40 pertsona inguruk elkarretaratzea egin dute bertan.
Joan den astean argindarraren prezioa % 27 garestituko zela publiko egin zenetik, ezinegona hedatuz joan da zenbait herritarren artean. Horren aurrean, Iberdrola enpresa-elektrikoari kexak bideratu eta mobilizatzeko deia egin dute. Hala, gaur, eguaztenean, Bilboko Colon de Larreategi kaleko 15 zenbakian Iberdrolak daukan bezeroentzako arreta-puntuan protesta egiteko deialdia egin dute deitzaileek. Horrez gainera, enpresa elektriko berberak Uribe Kostan dituen arreta puntuetara jo eta bertan kexak tramitatzeko deia ere egin dute. Hala, GuNe taldeak deituta, 40 pertsona inguru batu dira gaur Algortako Basagoiti etorbidearen 64 zenbakian Iberdrolak duen arreta-bulegoan.
Deitzaileen berbetan, "enpresa elektriko handiek aberasten jarraitzen duten bitartean, milaka eta milaka pertsonek ezin izango dute euren berogailua piztu egun hauetan". Era berean, garestitzea hotz-boladaren erdi-erdian egitea salatu dute, "aspaldiko elurte handieneko denboraldi betean".