argia.eus
INPRIMATU
Elektrizitatearen faktura berriz ere oso goian Hego Euskal Herrian
  • Ostiral honetan, handizkako merkatuaren batez besteko prezioa 89 euro ingurukoa da, urtarrilaren 13tik izandako altuena, CO2-aren espekulazioagatik eta gasaren garestitzeagatik.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 28a
Argazkia: Kontsumo bide

Maiatza ohi baino argindarraren ordainagi garestiago batekin amaituko da Hego Euskal Herrian. Datorren astean sartuko da indarrean faktura berria eta aldaketa garrantzitsu horren zain, elektrizitatearen handizkako merkatuak asteak daramatza goranzko joeran, CO2 isurtzeko eskubideen espekulazioak eta gas naturalaren garestitzeak eraginda. Kilowattaren oraingo prezioa 16,98 eurotan dago eta duela urtebete 10,04ean zegoen.

El Diario.es-ek argitaratu duenez, ostiral honetan, megawatt/ordua (MWh) 88,95 euroan salduko da, eta urtarrilaren 13tik izandako preziorik altuena da pool elektrikoa delako merkatuak beste prezio goren bat izan zuenetik; orduko hura Madrilgo Erkidegoa kolapsatu zuen Filomena depresioari lotutako hotz-boladek eragin zuten. Handizkako merkatuaren maila horiek ezezagunak dira garai honetan, ekoizpen hidraulikoak kotizazioa deprimitu ohi baitu. 80 eurotik gorako prezioa ohikoagoa da urtarrilean apiril edo maiatzean baino, datu historikoek erakusten dutenez. 

Pool elektrikoak gora egin du karbonoaren kotizazioak beste sabai bat hautsi duelako maiatzean, tonako 55 euroak gainditu baititu lehen aldiz. Hilabete honetan, 51,67 euroko batez besteko kotizazioa izan du; urtarrilean, berriz, 33,43 eurokoa izan zen. Karbonoaren kostuaz gain, Europako merkatu elektrikoetan eta enpresen lehiakortasunean eragiten ari den beste elementu bat dago: gas naturalaren prezio altua. 

Ekainaren 1ean hasiko da faktura elektrikoen modelo berria eta horrek erabiltzaileen artean are nahasmen handiago eragin dezakeela uste du Facua kontsumitzailearen elkarteak. Horrez gain, Espainiako Gobernuari faktura berria martxan ez jartzeko eskatu dio "kontsumitzaile ahulenentzat kaltegarria" delako. Izan ere, besteak beste, modelo berriak puntako ordutegietan argia %2.000 garestiagoa izatea ekarriko du.