Espainiako Gobernuak ezetz esan dio oposizioko talde guztiek –Foro Asturiasek izan ezik– urtarrilean aurkeztutako autokontsumoari buruzko lege proposamena tramitatzeari. Autokontsumoaren gaineko zergak ezabatzea zen proposamenaren helburua.
Aurreko legegintzaldian PPk gehiengo absolutua baliatuta ezarri zuen legediaren arabera, zerga ordaindu behar da sortzen den elektrizitate guztiagatik, baita energia hori sare nagusira bidaltzen ez bada ere. Energia berriztagarrien sektoreak eta talde ekologistek gogor kritikatu dute “eguzkiaren gaineko zerga” hori. PPren politikak energia berriztagarriak sortzeko proiektu asko bertan behera uztera behartu duela salatzen dute, besteak beste.
Hori gainditzeko asmoa zuen ia oposizio osoak urtarrilean adostutako lege proposamenak, baina gobernuak, PP orain gutxiengoa izan arren, araudian zirrikitua aurkitu du ekimena geldiarazteko: estatuaren aurrekontuei galera ekar diezaiokeen edozein neurri bertan behera utz dezake bere kabuz, eta halaxe egin du oraingoan, autokontsumoari zerga kentzeak 162 milioi euro gutxiago biltzea ekarriko lukeela argudiatuta.
Lege proposamena Espainiako enpresa fotovoltaikoen elkarteak eta gizarte zibileko 30 talde baino gehiagok bultzatuta aurkeztu zuten oposizioko alderdiek, joan den urtarrilean argindarraren prezioak gailur historikoa jo eta gutxira.
Greenpeacek Espainiako Gobernuaren jokabidea gaitzetsi du, eta leporatu egin dio “autokontsumoaren kostu eta onurei buruzko inolako analisi seriorik egin ez izana”. Talde ekologistaren esanetan, aukera dago 2050erako Espainiako Estatuan hiru pertsonatik batek bere elektrizitatea sortzeko iturri berriztagarrien bitartez, eta eskari osoaren erdia modu horretan betetzeko. Horretarako, noski, elektrizitatea sortzeari trabak kendu beharko litzaizkiokeela nabarmendu dute.