argia.eus
INPRIMATU
“Elektriken mafiei aurre egiteko” jarraibideak eman ditu Ehunek
  • Itzali autonomismoa, piztu euskal errepublika lelopean, Eusko Jaurlaritzako argiak ere estali dituzte eta bideo batean zabaldu. Oraina iluna ikusten du euskal errepublikarren mugimenduak, eta etorkizuna are gehiago, eta argi dute "Espainiapean eta Frantziapean" egiturazko arazoak amaitzea "ezinezkoa" dela. 

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 16a
Ehunek \"elektriken mafiei aurre egiteko\" jarraibideak eman ditu eta Eusko Jaurlaritzako argiak estali, bideo batean. / Argazkia: Ehun

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko Mugimenduak Eusko Jaurlaritzaren egoitzako argiak estali ditu, Itzali autonomismoa, piztu euskal errepublika lelopean. Bideo batez zabaldu dute, eta horrekin batera "elektriken mafiei aurre egiteko" jarraibideak eman dituzte. 

Ekintza testuinguruan jartzeko oharra atera dute: "Energiaren oligopolioa, etxebizitzen espekulazioa, errepresioren sofistikazio teknologikoa, funts putreak, krisi klimatikoa, hezkuntzaren pribatizazioa, osasungintzarena, pentsioak edota zaintza publiko komunikarioa: Dolurik gabe diogu: Espainiapean ezin da, Frantziapean ezin da, autonomismoenpean egiturazko arazoak konpontzea ezinezkoa da", aldarrikatu dute. 

Oraina iluna ikusten du Ehunek, eta etorkizuna are gehiago. "Egiturazko arazotzat" ditugunekin eliteek negozioa egiten dutela salatu dute, eta hala jarraituko dutela 78ko erregimenaren edo frantziar erregimenaren menpe egon bitartean.

Hortaz, herri mugimendu guztiei "estatu auziaren" inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko gonbita luzatu diete: "Pairatzen ditugun zapalkuntzak gainditzeko aukera berriak zabalduko genituzke horrela", uste dute. 

Halaber, mugimenduarekin bat egiteko ateak irekita daudela gogorarazi dute, "bizitzea mereziko duen bizitza nahi duen ororentzat".