argia.eus
INPRIMATU
Elefanteak gelan

Mikel Aramendi 2023ko azaroaren 21
Bonba atomikoarekin probak egiten, 1955ean Nevadan (AEB) / Argazkia: Wikimedia Commons

Isilpean haziko da mamua, ziur, baina, gezurra badirudi ere, Gazako sarraskiaren ondorio iraunkorrena eta sakonena –eta makurrena– izan daiteke: Ekialde Ertainaren nuklearizazioa. 

Ez dezagun kanpai-jole baboaren juzgu egin. Amichay Eliyahu, Israelgo Ondare ministro ultraeskuindarrak, duela hamabost egun, Gazan bonba nuklear bat botatzea “aukera bat” zela esan zuenean irrati-elkarrizketa batean, sekulako okerra egin zion bere gobernuari eta, hedaduraz, Israelen segurtasun-estrategiari. Eta, seguruenera, falta zitzaien delibero-koska oparitu zien haren arerioei. Baina arazo guztiaren oinarri den egoera ez da Eliyahuk sortua ez kudeatua eta, beraz, bolborategian zuziarekin sartu den burugabea besterik ez da hura. 

"Aise asmatuko genuke azken gertaera hauek zein aldetara bultzatuko zuten Irango agintea bere programa nuklearrari dagokionez"

Israelek arma nuklearrak badituela egitate ziurra da aspalditik. Mordechai Vanunu-ren salaketaren ondoren, inolako zalantzarik gabea. Eta potentzia nagusiek “gela erdian dagoen elefantearen” moduan kudeatu dute, Israelek beti ukatu egin duelako, aho txiki-txikiarekin. Eliyahu agertu den arte. Baina ez lehen, ez orain, inork ez dio ezarri Israeli askoz gutxiagogatik Ipar Koreari do Irani (eta iraganean beste batzuei) ezarri zaien zigor-zaparrada, ezta gutxiagorik ere. 

Gazako sarraskiaren erdian Eliyahuk “elefanteari” eman dion sastada ez datza, ordea, inorentzat sekretua ez zena agerian jarri izanean, baizik Israelek arma nuklearrak erabiltzeko eduki dezakeen “eskuzabaltasunean”. Eta batez ere, erakustean eduki, erabiltzekotan dauzkala arma nuklearrak. Potentzia nuklear guztiek bezala, esango du sandiak; bai, baina haietako bakoitzak, beste potentzia nuklear baten aurka erabili beharko lituzke... paretsuko erantzuna sutuz. Ez da Israelen kasua. Oraingoz. Baina, adibidez, aise asmatuko genuke azken gertaera hauek zein aldetara bultzatuko zuten Irango agintea bere programa nuklearrari dagokionez.

Ekialde Ertaineko gorabeheretan gero eta proaktiboago ageri den Erdoganek bakarrik jarri du ozen gaia mahai gainean. Ez da nornahi NATOkidea ez balitz bezala dabilena; eta gogoan izan behar da, oso gutxitan aipatzen den arren, dirudienez, bere horretan jarraitzen duela Incirlikeko base estatubatuarren dauden bonba nuklearren arazo zahar-zaharrak. Beste elefante bat beste gela batean

Ez da azkena. Esamesa baino gehiago da Saudi Arabia litzatekeela Pakistanen arma nuklearren eta misilen jabekidea, haiek lantzeko eta lortzeko dirua ipini zuelako bere garaian. Eskubideduna litzatekeela beraz. Orain arte, Iranen kontura aipatu ohi zen “mailegu” berezi hori, baina hemendik aurrera, batek daki. Eta gainera, gero eta argiago ari da MBS herrialdean bertan azpiegitura nuklearrak landu nahian. Beste elefante bat.