Azken bost nominen kobratzeetan izandako atzerapenak kontutan hartuta, eta azken nomina oraindik kobratzear daukatela, ekainaren 1ean grebari ekin diote Electroaceros enpresan. LAB sinsikatuaren arabera, badirudi jabeek lantegiak behin betiko itxi nahi dutela, eta enpresari langileentzat irtenbide duina exijitu nahi diote.
Asteartean hasi dute greba mugagabea Iruñeko Electroaceros enpresako langileek. LAB sindikatuaren arabera, ia plantilla osoak egin du bat grebarekin. Guztira 37 dira enpresako langileak, 50 urtetik gorakoak gehienak. "Urte hauetan guztietan, enpresa honek aurrera egin badu, hori izan da neurri handi batean haietako bakoitzaren ahaleginagatik eta dedikazioagatik", adierazi du sindikatuak.
Langileek azken bost nominak atzerapenarekin kobratu dituzte, eta azkenar kobratzear dute. Hala bada, testuingurua hori izanik, grebari ekin diote. Izan ere, badirudi enpresak lantegia behin betiko ixteko asmoa duela, eta horren arrean langileentzat irtenbide duina lortu nahi dute.
LAB eta ELA ari dira langileen ordezkaritza egiten, eta sindikatuok enpresaren azken urteetako kudeaketa "negargarria" izan dela salatu dute. Iruñeko Astibia familiak du enpresaren gidaritza, eta sindikatuen arabera, enpresa hiltzen utzi dute. LABek azaldu dutenez, langileen etorkizunaz hitz egin asmoz, azken urteetan langileen ordezkaritza sindikalak behin baino gehiagotan eskatu dio enpresari mahai baten bueltan biltzeko. Alabaina, enpresak oso bestelako bidea hartu izan duela azpimarratu du: " Beraien irtenbide bakarra langileak erasotzea izan da". Eraso horien artean ondokoak zerrendatu ditu sindikatuak: langileei galerak transmititzen zizkieten bitartean ABEEE ekonomiko bat aplikatzen saiatzea, eta soldatak nabarmen jaitsiko lituzkeen funtsezko aldaketa bat aplikatzen saiatu izana. Bi saiakera horiek ez dira egikaritu, lehena atzera bota baitzen kontsulta-aldian, eta langileek bigarren aldaketa geratzea lortu baitzuten.
Hori guztia gertatzen zen bitartean, Astibia familiak fabrikaren zuzendaritzarako hautatutako bazkidea urtean 80.000 euro baino gehiago kobratzen ari zela salatu du LABek, baita enpresaren bitartez familia bere buruari bere jabetzakoa zen lokal bat alokatzen aritu izana ere, 75.000 eurotan.