argia.eus
INPRIMATU
Elecnorreko langileek greba mugagabea egingo dute
  • Enpresak "baldintza minimo batzuk" negoziatzeko erakutsi duen "borondate ezaren aurrean", mobilizazio gehiago iragarri dituzte langileek. Urte amaieran greba mugagabea deitu dute.

Hala Bedi @halabedi 2019ko azaroaren 12a
Elecnor enpresako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur (Argazkia: Alea)

Elecnor Telecomunicaciones enpresan deitutako laugarren greba jardunaldia izan zen astelehenean. Langileek bi elkarretaratze egin zituzten haien lan egoera salatzeko: lehena, 09:00etan Lakuan dagoen Telefonica Eraikinaren aurrean eta, bigarrena, eguerdian, General Loma plazan dagoen Telefonica dendaren aurrean.

Egunak aurrera egin ahala "protesten tonua igotzea" erabaki zuten, LAB sindikatuak ohar bidez azaldu bezala. Horren harira, bosgarren greba eguna deitu dute datorren azaroaren 22rako.

"Egoera bideratzeko eta langileen baldintza duinak negoziatzeko" erabakia hartzera behartu nahi dute enpresa. Egoera aldatu ezean, abenduaren 9tik aurrera greba mugagabeari ekingo diotela ziurtatu dute.

Azken urteetan, enpresan "beldurraren politika" gailendu dela salatu dute langileek: ordaindu gabeko aparteko orduekin, ordaindu gabeko guardiak, izoztutako soldatak, diskriminazioak, besteak beste.

Bere aldetik, enpresak "arazo ekonomikoak" argudiatzen ditu langileen egoera azaltzeko. LAB eta ELA sindikatuek osatutako langileen ordezkaritzaren arabera, ordea, 2018an 28 milioi euroko etekinak banatu zituen enpresak.

"Erantzun koordinatuak" Arabatik harago

LAB sindikatuak azaldu duen bezala, aste honetan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan diharduten Telefonicako azpikontraten eta Telefonica beraren ELA, ESK eta LAB sindikatuek dituzten langileen ordezkariak Gasteizen bildu dira, lehen aldiz.

Proposamen ezberdinak elkarbanatu dituzte eta laster iragarriko dituzten "erantzun koordinatuak prestatzen" hasi dira. "Gutxi batzuen diru gosea ezin da inola ere langileon eskubideen gainean eraiki", adierazi du oharrean LAB sindikatuak.