Irailaren 26a Hizkuntzen Europako Eguna da, euskal hiztunentzat egun garrantzitsua izan beharko lukeena. Asko dugu ospatzeko, beste asko salatzeko dugun bezalaxe. Baina erabaki dut ospatzeko dugun horretaz hitz egitea gaurkoan, eta jendarte eleaniztun honek gure ekonomiari ematen dion indarra aldarrikatzea.
Hizkuntzen arteko elkarbizitza osasuntsua, hizkuntzaren biziraupen eta ekonomiaren garapenerako oinarria da bai euskaldunontzat, bai Europako beste hizkuntza gutxituentzat. Baina hortxe dago koxka, elkarbizitza hori orekatua eta naturala izatean, ez baita erraza.
Europar Batasunak 1999. urtean dagoeneko erakutsi zuen bere kezka, Informazioaren Gizartearen garapenari buruzko txostenean. Bertan, teknologia berrien ezarpenak sortu ditzaketen hizkuntzaren baztertze arriskuei buruz hitz egin zuen, eta horiek kontrolatzeko eta saihesteko beharra zegoela esaten zen. 25 urte geroago, adimen artifizialaren eztandarekin, hizkuntza aniztasuna arriskuan dago. Azterketa guztiek erakusten dute, oro har, hizkuntza guztiek dituztela arazoak, hegemonikoek zein gutxituek, eta ingelesa ari dela bihurtzen alor digitalean hizkuntza hegemoniko bakarra.
Europako beste hizkuntza gutxituek zer eta nola egiten duten ezagutu nahi dugu. Zein ekarpen egin dio bere hizkuntzaren garapenak bere herriko ekonomiaren garapenari? Zer iritzi du gaur egun EBk hizkuntzen garapenari dagokionez?
Euskal Herriak berezitasun bat badu, eleanitza dela, bi hizkuntza hegemoniko eta hizkuntza gutxitu bat ditugu gure berezko hizkuntzak, gehi migrazio fluxuek ekarritako hainbat hizkuntza. Eleaniztasun horren biziraupen eta garapenerako borrokak, hizkuntzen industria garrantzitsua sortu du Euskal Herrian, gure hizkuntza teknologia berrietan atzean gera ez dadin egin diren indarrak, helduen euskalduntzearen ondorioz sortu diren beharrak, hizkuntza berdintasunerako eskubideak sortu dituen itzulpen beharrak, terminologia garatu beharra, aisialdian ere euskarazko aukeren beharrak… Herri eleanitza izateak ondorioak ditu ekonomian.
Euskarak beste hizkuntza batzuei erakutsi ahal dizkie bere biziraute eta garapen prozesuan egin dituen aurrerapausoak, eta gure hizkuntza gogoz dago beste hizkuntza batzuetatik irakasbideak jasotzeko, antzeko egoeran dauden hizkuntzen arteko elkarlana aberasgarria delako. Horregatik, kanpotik etorriko diren beste hizkuntzetako adituak entzun nahi ditugu. Europako beste hizkuntza gutxituek zer eta nola egiten duten ezagutu nahi dugu. Zein puntutan daude? Zein ekarpen egin dio bere hizkuntzaren garapenak bere herriko ekonomiaren garapenari? Zer iritzi du gaur egun Europar Batasunak hizkuntzen garapenari dagokionez?
Hori guztia erantzuteko asmoz, azaroaren 26 eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza industrien elkarteak, Hizkuntzen Irabaziak foroa antolatu du, sinistuta gaudelako hizkuntza gutxituen biziraupenak eta garapenak, aberastasun kulturalaz gain, aberastasun ekonomikoa ere dakarrela, eta hizkuntza hegemonikoetan sortzen ez den industria indartsua sortzen dela, herria ekonomikoki ere indartzen duena.
Lohitzune Txarola Gurrutxaga
Langune, Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteko zuzendaria