Eleak mugimenduak eta Euskal Herriko Libre lan taldeek adierazpenak egin dituzte, Ertzaintzak Madrilgo Auzitegi Nazionalari bidalitako txostena ezagutu ostean. Jone Amezagaren atxiloketa aurreratu nahi izatea onartezintzat jo dute, “desobedientzia zibila kriminalizatzea” delako.
Kartzelan bere borondatez aurkezteko hamar eguneko epea kentzeko eskatu du Ertzaintzak, horrek beste herri harresi bat egitea ekidingo lukeelako, oraingoan Jone Amezaga babestuko lukeena.
Txosten horretan herri harresiak eta desobedientzia ekimenak deskribatzen ditu Ertzaintzak, Donostiatik hasi eta Loiolara bitartean egindakoak. Eleak eta Libre plataformek txostena “gezurrez beteta” dagoela salatu dute, eta bertsio bakarra ageri dela, Ertzaintzarena.
“Herri harresi hauetan eman den biolentzia bakarra Ertzaintzak berak sorturiko biolentzia da, herritar guztiek erresistentzia pasiboari ekiten baitiote”, azaldu dute plataformek. Horren frogak sare sozialetako irudi eta bideoetan ikus daitezkeela argudiatu dute.
Eleak eta Libre mugimenduek “kezka handiz” ikusten dute Ertzaintzaren jarrera. “Onartzen dute herritar askoren babesa jasoko duela herri harresiak, baina ez dute onartzen protesta forma demokratikoa denik, kontrakoa baizik”.
Desobedientziari eusteko deia
Euskal jendarteari dei egin diote Eleakek eta Librek euren adierazpenean, desobedientzia zibilean sakontzen jarraitzeko, “atxiloketak egitea politikoki, sozialki eta teknikoki ezinezko bihurtu arte”.