argia.eus
INPRIMATU
ELBren beste desobedientzia ekintza bat: ahate-txitoak gorde ditu boluntarioen artean
  • Bidaxunen atzo, asteazkena 14, Parisko gobernuaren aginduz heriotzara kondenatuta zeuden ahate txitoak banatu ditu ELB sindikatuak horiek salbatzeko adoptatu nahi izan dituzten baserritar eta bestelako jende boluntarioen artean. Helburua: granja handietatik zabaltzen den hegazti gripearen kontrako borrokan kaltetuak ez daitezela atera gripearen zabaltzean errurik ez duten etxalde txikiak eta agintarien kanpainak arriskuan jartzen dituen lekuko ahate arrazak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko ekainaren 15a
ELBko idazkari nagusi Panpi Sainte Marie Bidaxunen boluntarioen artean ahate-txitoak banatzen. (Argazkia: ELB)

Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldea da Iparralde, Landak eta Biarnon lekuko arrazako ahateak hazten dituztenen nekazari txiki askorentzako txito ekoizle nagusi eta bakarra. Bertako inkubagailuetan sortzen dituzte Kriaxera eta Landais-Rouen arrazako txitoak. Hegaztien gripearen kontrako borrokan Parisko gobernuak agindu dienean haiek ere dauzkaten ahate guztiak hil behar dituztela, Iparraldeko baserritarrak mobilizatu dira horrek ekarriko lukeelako batetik lekuko arraza horien desagertzea eta bestetik 200 etxalde baino gehiago urte bete gehiagoz ahate berririk gabe geratzea.

Bidaxuneko ahateok gaur griperik ez dutela baina, gainera, gripearen kontra inmunizatuta daudela argudiatuz, ELBko ordezkariak saiatu diren arren agintariekin negoziatzen, hauek ez diete utzi azienda guztiak hiltzea beste irtenbiderik. Horren aurrean, ELBk dei egina zien baserritar eta gainerako boluntarioei Lataillade familiak oraindik dauzkan txitoak nork bere etxeetan adoptatu zitzaten. Atzo egin zuten txitoen banaketa Bidaxunen bertan, eta sindikatuak jakinarazi die agintariei txito guztiak ondo zainduta, kontrolpean eta kokagune jakinetan daudela. Horiek osasun kontrola are zorrotzagoa izan dadin administrazioarekin elkarlanean aritzeko prest daude ELBren operazioan parte hartzen dutenak... baldin eta agintariek bermatzen badiete ez dituztela ahateok hilko.