argia.eus
INPRIMATU
Ahateen krisia
ELBko baserritarrek Bidaxuneko Lataillade familia defenditu dute jendarmeen aurrean
  • Bidaxunen ahateak hazten dituzten eta agintariek agindu bezala horiek hiltzeari uko egin dioten Lataillade familiakoak sei orduzeduki zituzten jendarmeek atzo galdeketan Bastidako (Nafarroa Beherea) jendarmerian. ELBko nekazariak eduki zituzten atarian, baserritarren babesean etorriak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko urriaren 19a
ELBk deituta, baserritarrak Bastidako jendarmeriaren atarian: barruan sei orduz galdekatu zituzten Bidaxuneko ahatezainak. (Argazkia: ELB)

Dozenaka herritar bildu ziren atzo Bastidako jendarmeriaren aurrean, ELB sindikatuak deituta, bertan galdekatzen ari ziren Lataillade familiako ahatezainei beren babesa adierazteko. Gaur ELBk jakinarazi du sei orduko itaunketa gogorra jasan zutela baserritarrok. Hogei orri betetzen zuten galderak egin zizkieten, hegazti gripearen kontra agintariek erabaki eta sindikatuak ez onartutako neurriak urratzeagatik. "Hogoi orrialdetan bildu galderak pausatuak izan zaizkie –salatu du ELBk agiri batean–, administrazioak jadanik eskutan dituen informazioeri lotuak gehienak. Zer izanen zen zinezko gaixtaginak izan balire? Hori guzia ahate sano batzurendako!".

Jendarmeria atariak bildutako ziento bat jendeek pazientziaz egin zioten aurre euriteari, Lataillade familia ahateen hazkuntza iraunkorrean eta txitoen ugalketan seriotasun handiz jokatzen ari dela eta administrazioak bere jazarpen juridiko eta ekonomikoa eten behar duela adierazteko eta salatuz gaia ez dela batere azienden osasunari buruzkoa "baizik eta politikoa. Kontrol guziek argitu frogatua dute ez dela eritasunik etxalde horretan: aktibitate normal eta

legal batetara itzuli behar du beraz, eta inposatuak zaizkion zaintze neurriak altxatu behar dira. Ahate ttipiak Bidaxuneko etxaldean erosten dituzten etxe hazkuntza guztiei ere kuadro legala ideki behar zaie berriz, egun irrisku juridikoa baitute ahate ttipiak han erostean".

Presio neurri bezala, ELBk iragarri du hemendik aurrera ez dutela gehiago onartuko hegaztiei astero egiten dieten analisirik. Eta beste edozein etxaldetan agintariak eskua sartzen ari direla jakin orduko mobilizatuko direla.