argia.eus
INPRIMATU
ELBk salatu du Iholdin baimena eman diotela 800 txekorreko etxalde bati
  • Agintariek baimena eman diote Iholdiko (Nafarroa Beherea) Ilharria baserriari urtean 1.600 txekor 800eko bi txandatan hazteko moduko etxaldea antolatzeko. ELB sindikatuak salatu du ingurumena kutsatzeaz gain lekuko laborantza txikia ahuldu eta enplegurik sortzen ez duen nekazaritza industriala sustatzen duela gobernuak.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 31
Astebete edo hiru aste besterik ez daukaten txahal txikiak hartu eta 158 egunez eguzkiaren argirik ikusi edo zelairik zanpatu gabe hazten dituzte Iholdikoa bezalako granjetan. (Argazkia: Celtilait)

Maritxu Lopepek Reporterre hedabidean plazaratu duenez, Ilharrian 2011 arte 1.200 txerri hazi ostean, gazte-haragitarako txahalak gizentzeari ekin zion. Joan den udan eskatu zuen baimena argudiatuz 330 aratxe ari zela hazten eta 800era pasatu nahi zuela. ELBk salatu du hilabete luzez ilegalitatean aritu ostean, orain gobernuak egin duen bakarra izan dela baserritarrari gauzak legeztatzeko eskatzea.

Horrelako azienda etxalde handien arazoetako bat beren gorotz eta pixak tratatzearena izan ohi da; Iholdikoari baimendu zaio tratua egitea ondoko beste hiru baserritarrekin, haien 71 hektareatan zabaltzeko aratxeen isuriak. 8-21 egun besterik ez duten txahalak hartu eta 158 gizenduko dituzte Ilharrian, urte erdiz, hiltegira eraman aurretik.

ELBrentzat, lurrik gabe intentsiboan antolatutako laborantza mota horrek iruzur egiten dio gizarteari: "Beren bizitzan sekula metro koadro bat zelai zanpatu gabeko 1.600 txekorrok aterako dira urtero tailer honetatik. Haragi zuria ekoizteagatik, esnez kontzentratutako bazka berezia emango diete, burdin falta eragingo diena: aziendok, beraz, anemiako puntuan zainduko (eta tratatuko) dituzte". Sindikatuak azpimarratu du 800 txahal gehi 60 behi (eta 25 bigantxa) hazteak ez duela denetara bi enplegu baizik sortuko: baserritarra bera eta langile bat.