argia.eus
INPRIMATU
ELBk Ipar Euskal Herriko laborantza eta elikagai proiektua aurkeztu du
  • Bereziki Iparraldeko udalak biltzen dituen Euskal Elkargoari, baina ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak hautetsi, laborari eta herritar guztiei aurkeztu die Ipar Euskal Herriko laborantza eta elikagai proiektua eta hori gauzatzeko gobernantza proposamena.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 02a
ELBko ordezkarian, tartean Panpi Sainte Marie lehendakaria, proposamena aurkezteko ekitaldian. (Argazki: Maite Lephaille)

Astelehenean, urriak 1, Euskal Herriko EHLG Laborantza Ganbarak Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) duen egoitzan egin zen ekitaldian ELBk Ipar Euskal Herriko laborantza eta elikagai proiektua aurkeztu zuen. Ekitaldian, nekazarien proposamenak zuzenean entzun zituzten Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Mixel Etxebeste laborantzako lehendakariordeak eta Martine Bisauta trantsizio ekologikorako lehendakariordeak.  

ELBk bilkurarako deialdian honela aurkeztua zuen gaia: "Gure lurraldeko laborantzak pundu baikor ainitz baditu (dinamika kolektibo azkarrak, kalitatezko sailak, neurri zainduko etxalde sare bat, ainitzek gutiziatzen daukuten instalazio heina...) baina egoera hori lanjerrean emaiten duten hainbat fenomeno hor ditugu ere (laborantxako lurraren desagertzea, etxaldeen segidaren hartzeko zailtasunak, ekoizpen moldeen intensifikazioa...)".

ELBko lehendakari Panpi Sainte Mariek elkarlana eskatu zien Euskal Elkargoko buruei, laborantzako politikak finkatzeko instituzioetan hurbilena delako. EHLGren ordezkari, Beñat Molimosek aurreratu zuenez, laborantzaren eta elikaduraren erakunde publikoak hiru osagai eduki behar lituzke, Ipar Euskal Herriko nekazaritza eta elikadurarekin zerikusia duten guztien kontzertazio eta aholkularitza gunea izateko: batetik, ordezkaritza instituzionala eta profesionala, bertan bilduz nekazaritzarekin zerikusia duten erakunde guztiak, tartean orain arte elkarrekin harremanik ez duten laborantza ganbara ofiziala eta EHLG; bigarrenik, etxaldeen ordezkariak; eta, hirugarren, gizarte zibilaren ordezkaritza. Laborantza eta elikadurarekin lotura duten gai guzietan kontzertazio eta aholkularitza gunea izatea nahiko lukete.