Lehen euskal eskola klandestinoa sortu zuen emakumeari buruzko dokumentala grabatzen ari da Maider Oleaga zinema zuzendaria, Elbira Zipitria “benetan nor izan zen” erakusteko helburuarekin. Proiektuari ekarpenak egiteko aukera zabaldu dute, ekainaren 15era arte.
Elbira Zipitria ikastolako irakaslea izan zen 1936ko Gerra Zibilaren aurretik, eta gerratea piztu zenean Iparraldera joan zen. 1942an Donostiara itzuli eta lehenengo euskal eskola klandestinoa sortu zuen, Fermin Kalbeton kalean, eta 1969ra arte mantendu zuen. Haren irakaskuntza metodoak oso aurreratuak ziren.
Euskarari eta hezkuntzari egindako ekarpenez gain, figura politiko garrantzitsua izan zen. Emakume Abertzale Batzako hizlari eta Gipuzkoako idazkaria izan zen, eta politikagintzan sartu ziren lehen emakumeetako bat izan zen. 1982an hil zen Donostian.
Dokumentala, Elvira Zipitriaren etxe-eskolan
Maider Oleaga zuzendaria Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian bizi da 2011tik, Zipitriak eskola klandestinoa sortu zuen etxean. Nor izan zen erakusteko IRA 26-2 dokumentala egingo du eta etxean grabatuko du, bideo-egunkari formatuan.
Maiatzaren 27an hasi zen grabaketa eta ekainaren bukaeran amaituko da, eta muntaia bizpahiru hilabeteko tartean egingo dute. Postprodukzio gastuei aurre egiteko, Verkami eta Paypal-en komisioak ordaintzeko eta beste zenbait gastutarako egin dute ‘corwdfunding’-a. Ekainaren 15ean amaitzen da eta 6.000 eurora iristeko helburua dute.