argia.eus
INPRIMATU
ELBko laborarien protesta ikusgarria Miarritzeko autobidean
  • ELBko laborariek ekintza berezia egin zuten astelehenean Miarritzeko (La Negresse) autobideko ordainlekuetan. Langak altxa eta autoak ordaindu gabe pasatzen utzi zituzten, 2015eko diru laguntzak jaso ez izanagatik protestan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko abuztuaren 29a
Langak altxa eta autoak ordaindu gabe pasatzen utzi zituzten. (Arg.: Isabelle Miquelestorena).

2013an Frantziako Gobernuak diru laguntzen banaketa aldatuko zuela erran zuen, 300 hektareako etxalde handiek jasotzen baitute laguntza gehien, molde industrialean aritzen direnek.  

Egoera aldatzeko etxalde bateko lehen 52 lur hektareak “hobeki balioetsiko” zirela adierazi zuen François Hollanderen gobernu sozialistak, hau da, neurri horretako etxaldeentzako laguntzak emendatuko zirela. Alabaina, 2013an hitzartu zuten dirua ez dute jaso laborariek.

ELBko kide Mikel Hiribarrenek erran zuenez, “gero eta agerikoagoa da, eredu industrialean ari diren etxalde handiak dira laborari tipien arerio nagusiak”.

ELBko ordezkariek beste bi salaketa egin zuten: Emmanuel Macronen gobernu liberalak 2018ko diru laguntzen banaketa FNSEA sindikatuaren esku utzi izana, batetik –FNSEAk etxalde handien eredua defendatzen du–, eta bestetik, gobernu berriak laborantza biologikoan ari diren etxaldeen diru laguntzak kendu izana.