Frantziako nekazaritza ministerioak bilera egin zuen duela bi aste nekazaritza sindikatuekin, nekazal ekoizpenera bideratutako milioi bat euroko esleipena nola egin zehazteko. Bertan FNSEA sindikatu nagusiak hartutako jarrerak haserrarazi du ELB.
“Laguntzak laborari handiei bideratu, eta etxalde txikiak desagarrarazi nahi dituzte ustiapen erraldoien mesedetan”, kritikatu du Jean-Paul Duhalde ELBko kideak. “Abeltzain guztien mesederako” diren politikak aldarrikatu ditu.
Haren aburuz, Gobernuak ontzat emango balu FNSEAren proposamena Ipar Euskal Herriko laborarien %70k ez luke sosik jasoko. Dioenez, onartuz gero, egoera “larrian” jarriko luke nekazaritza.
Handientzat egindako proposamenaren bi adibide
Behi haragiaren ekoizpenari dagokionez, 30 burutik beherako behi taldeei laguntzarik ez ematea nahi du FNSEAk.
Bestalde, ardiak saltzetik ateratako diru etekina murriztuko litzateke, ardi bakoitzeko 21 eurotik 16 eurora pasatuz.
Laurent Irigarai ELBko kidearen arabera, Ipar Euskal Herriako baserrietan bi hazkuntza motak dituzte, behiena eta ardiena, alegia. Beraz, ez bata ez bestea ez dira izaten “oso handiak”.
Neurria onartuz gero, “ehunka” etxalde desagertuko liratekeela esan du.