argia.eus
INPRIMATU
ELAk txertaketa planen informazioa eskatu die Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari
  • ELA sindikatuak eskatu du txertaketa-planak herritar guztiei eta, bereziki, txertaketaren xede diren kolektibo zehatzei helarazteko. "Ez da onargarria Urkullu lehendakariaren moduko baieztapenak egitea: izan ere, udarako herritarren %40k txertoa jasoko duela adierazi du, zenbat txerto izango dituen jakin gabe, edo prozesu hori nolakoa izango den jakin edo azaldu gabe". ELAk salatu du sindikatuekin egindako bileretan, Osasuneko sailburuak "uko" egin izan diola "txertaketa-planei buruzko informazioa emateari".

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 12a

ELAren ustez, "beharrezkoa da mundu osoko biztanleek COVID-19aren txertoa jasotzeko duten eskubidea bermatzea. Gauzak horrela, txerto horiei buruzko patenteak kentzeko eskaera babesten du. 100 herrialde baino gehiago ari dira hori eskatzen, eta lotsagarria da Europar Batasuneko eta aberastutako beste herrialde batzuetako (Ameriketako Estatu Batuetako) gobernuak aurka agertzea. Gogoratu behar da txerto hori lortzeko inbertsio gehiena publikoa izan dela eta, beraz, pandemia suntsitzaileari aurre egiteko tratamenduak guztion esku egon behar duela. Osasuna eskubidea da, eta ezin da onartu osasunaren kontura negozio pribatua bultzatzeko logika".

"Informazioa, seriotasuna eta zorroztasuna"

ELAk "informazioa, seriotasuna eta zorroztasuna eskatu ditu" txertaketaren kanpainaz informatzerako orduan, "gai honetan propaganda eta elektoralismoa nagusitzeko benetako arriskua baitago, herritarren osasunerako eskubidearen ordez".