argia.eus
INPRIMATU
ELAk salatu du 3.500 lanposturekin ez dela konponduko Osakidetzako 24.600 behin-behineko langileen arazoa
  • 3.535 lanpostuko eskaintza egiteko asmoa adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. ELA sindikatuak, ordea, kritikatu du behin-behineko langileak 24.600 direla eta ez dela “arazoa konponduko”. 9.000 langilek gutxienez zortzi urte daramate aldi baterako kontratuekin eta langile horietatik %81 emakumeak dira.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 05
3.535 lanpostuko eskaintza iragarri dute, 24.600 behin-behineko langilerentzat. / Argazkia: LEP azterketa bat, EITBko artxiboko irudian.

ELA sindikatuak eskatu du Osakidetzako aldi baterako langileak finkatzeko prozesu bat egiteko; salatu dute ez dela nahikoa ostegunean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarritako lan eskaintza publikoa (LEP). Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du datorren apirilean edo maiatzean plaza publikoak esleitzeko azterketak egiteko asmoa duela. Sindikatuaren esanetan, behin-behinekotasun tasak betikotuko ditu, “oso zaila” baita lanpostu finko bat lortzea. Izan ere, 3.535 plaza eskainiko dituzte, baina gutxienez 24.600 langile daude aldi baterako kontratuekin.

Azpimarratu dute behin-behineko 9.000 langilek gutxienez zortzi urte daramatela aldi baterako kontratuekin eta langile horietatik %81 emakumeak direla. ELAk gogorarazi du arazoa aspalditik datorrela: “Urte asko daramatzate zerbitzu publikoa baldintza prekarioetan aurrera ateratzen”.

Azterketen irregulartasunak

Osakidetzaren “gardentasun eta inpartzialtasun falta” salatu du ELAk, orain arte egin dituzten azterketetan egondako ustezko iruzurren gaia gogora ekarriz. Sindikatuak berak Fiskaltzan jarri zuen salaketa azken probak direla-eta, eta oraindik auzitegietan ikertzen ari dira irregulartasunak. Horren aurrean, Sagarduik jakinarazi zuen IVAPek egingo zituela probak aurrerantzean, inpartzialtasuna bermatzeko. Halere, ELAk azaldu duenez, Osakidetzak “ustekabean” iragarri du IVAPen ordez “epaimahai kalifikatzaileek” egingo dituztela probak. Sindikatuaren ustez, “hautaketa-sistema” mantentzeko erabakia izan da hori, eta ohartarazi du azterketetako iruzurrak ez direla gertakari isolatuak.