argia.eus
INPRIMATU
ELAk salatu du Hego Euskal Herrian gutxienez 80.000 etxe hutsik daudela
  • Performace-en bidez egin dute protesta. Bilboko Unamuno plazan salatu dute 8.000 etxe hutsik daudela eta 350 pertsonak kalean egiten dutela lo; Iruñeko Sarasate pasealekuan, berriz, gogorarazi dute Nafarroan gutxienez 25.000 etxebizitza daudela hutsik.

Leire Artola Arin 2022ko ekainaren 20a
Iruñeko Sarasate pasealekuan kanpamendu bat irudikatu dute. / Argazkia: ELA sindikatua.

ELA sindikatuak eskakizun zehatzak egin ditu etxebizitzen auziari irtenbidea emateko: legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea salerosketa ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismo etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea. Horixe da astelehenean Iruñeko Parlamentuaren aurrean egin duten protestan galdegindakoa.

Performance-en bidez, Bilbon eta Iruñean egin dituzte protestak. Iruñeko Sarasate pasealekuan kanpamendu bat irudikatu dute, etxerik ez duten pertsonen egoera erakusteko. Sindikatuak gogorarazi du Nafarroan gutxienez 25.000 etxebizitza huts daudela, eta urtean gutxienez 350 etxegabetze egiten dituztela. Ohartarazi dute etxebizitza ez dela eskubidetzat hartzen, baizik eta negoziorako baliatzen dela: Iruñean alokairua batez beste 1.000 kostatzen da, eta salgai dauden etxeen prezioa 1.500 eurotik gorakoa da metro koadroko, ELAk egindako azterketaren arabera.

Bilbon ere antzerki bidez aldarrikatu dute etxebizitza eskubidea. Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko kideak jakinarazi duenez, Hego Euskal Herrian gutxienez 80.000 etxebizitza huts daude, eta urtean gutxienez 1.000 etxegabetze egiten dituzte. Soluzioa eskatu dute Bilboko etxebizitzen “egoera larriaren aurrean”. Sindikatuak salatu du gutxienez 8.000 etxebizitza hutsik daudela hirian, eta aldi berean 350 pertsonak kalean pasatzen dutela gaua. Espekulazioa eta turistifikazioa gaitzetsi dituzte, eta instituzioei politikak aldatzeko eskatu.