argia.eus
INPRIMATU
ELAk salatu du Donostiako Altza auzoko kiroldegiko obretan ez direla ari lan hitzarmena errespetatzen
  • Gipuzkoako obra nagusienetakoan eraikuntza sektoreko hitzarmena ez dela errespetatzen salatu du sindikatuak. Langile gehienak, azpikontraten bidez, kanpotik ekarritakoak direla azaldu du, bertakoei baino gutxiago ordaintzeko. Hitzarmeneko baldintzak bete ez, eta enpresek langileek jan eta ostatu hartzen duten lekuetan 9.000 euro bueltako zorra dute.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 10a
Altzako kiroldegiko obrak.

Kiroldegiko obretan lanean ari diren langileetatik bi baino ez dira obra zuzentzen duten enpresetako (Acciona eta Altuna y Uria) langileak, hain zuzen obraren zuzendaria eta arduraduna. Gainontzekoak azpikontraten bidez ari dira lanean, eta batzuk astelehenetik ostiralera bitartean 52 orduz egiten dute lan. Hitzarmenak agintzen duena baino %40 gutxiago kobratzen ari direla ere salatu du ELAk.

Honez gain, enpresak langileek jan eta lo egiten zuten jatetxe eta ostatuekin ia 9.000 euroko zorra du. Ostatuak, enpresak berarekin zuen zorra handiegia zela eta, langileak kaleratu zituen. Orain, alokairuko pisu batean bizi dira langileak. Sindikatuak adierazi du enpresak derrigor ordaindu behar dituela langileen gastuak, eta horrela ez bada, soldataz aparte dirua eman behar diela gastu horiei aurre egiteko.

Baldintzak “onartezintzat” jo ditu sindikatuak, eta hiriko alkateari, Eneko Goiari, zuzendu zaio neurriren bat har dezan eskatuz. Izan ere, ELAk azpimarratu nahi izan duenez, Gipuzkoako hitzarmena betetzea derrigorra da.