ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Martxoaren 19an aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta EUDEL-ek Lan Eskaintza Publiko bateratua, Ertzaintzarako 453 lanpostu eta Udaltzaingorako 160, 22 udalerritan. ELAk, LEP bateratuaren oinarriak aztertuta, ondorioztatu du Ertzaintzaren 453 lanpostuetatik 95etan ez dela ezarri euskara-eskakizuna betetzeko derrigortasun datarik, eta gauza bera Udaltzaingoaren 160 plazatatik 43tan. ELAk bi udaletako deialdien adibideak eman ditu. Gasteizen, 48 udaltzain-lanpostuen erdietan ezarritako euskara-eskakizunek ez daukate derrigortasun datarik, eta Barakaldon hamabi plazetatik 8k.
Etorkizuneko herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak urratzen
ELA sindikatuak oso larritzat jo du LEP bateratua halako oinarriekin atera izana, eta uste du gaurko hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, etorkizunekoak ere baldintzatzen dituela: “Egungo erabakiek eragin zuzena izango dute etorkizuneko herritarren eta langileen hizkuntza eskubideetan”. Gehitu du LEP horrek ez duela bermatzen herritarrei zerbitzua euskaraz ematea eta langileek beharra euskaraz egin ahal izatea.
Bi eskari
Batetik, EAEko Legebiltzarrari eskatu dio polizia legea “ahal bezain pronto” aldatzea eta hor ezartzea, beste eskakizunen artean euskal polizia izateko, euskarazko profila. Bestetik, udalei eskatu die Lan Eskaintza Publikorako prozesuak udaletan bertan egitea, “Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalek hasitako bideari jarraituz”.