argia.eus
INPRIMATU
ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren sektorea publiko bihurtzea eskatu dute
  • Gaur egun eredu publiko-pribatua dela nagusi diote bi sindikatuek eta elkarretaratzea egin dute Donostian.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 10
Idatzia erregistratu ondorengo argazkia. (Argazkia: @labSZKgipuzkoa Twitterren)

ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren lan-sektorea publiko egiteko eskaera egin dute. Ekainaren 9an Gipuzkoako Foru Aldundiak Txaran, Donostian, erregistratutako dokumentu batean gaur egun eredu publiko-pribatua nagusitzen dela azaldu dute. Bilera bat egitea ere eskatu diote Aldundiari, egungo ereduak langileengan dituen ondorio kaltegarriak aztertzeko.

Ekainaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, elkarretaratzea egin dute Donostiako foru jauregiaren aurrean, Gipuzkoa plazan. Bertan sektorearen aldarrikapen nagusiak azaldu dituzte, besteak beste, KPIari lotutako soldata-igoerak bermatzea.

Sektoreko enpresa handienak –Aspace Vivienda, Aspace Centro de Día edo Gautena– hitzarmenak negoziatzen ari diren arren, enpresa horiek uko egin diote KPIa bermatzeari. Atzegiren kasuan, salatu dute enpresak egutegi berria ezarri nahi diela, negoziatzeko inolako aukerarik gabe.

 


Elkarretaratzea Aldundiaren parean, Gipuzkoa plazan. (Argazkia: @ELAdonostia Twitterren)