Eusko Jaurlaritzak “erakunde honetan egindako kudeaketa negargarria salatzeko” egingo dituzte lanuzteak. Langileen lan baldintzak errespetatzeko exijitu dute.
Lanbiden lanuzteak iragarri dituzte datozen irailaren 21 eta 22rako, eta urriaren 3, 4 eta 5erako. ELAk eta LABek deitu dute greba, eta Eusko Jaurlaritzak Enpleguaren Euskal Zerbitzuan egindako “kudeaketa negargarria” salatzea dute helburu.
Sindikatuek adierazi dute Jaurlaritzak duela bost urte sortu zuela Lanbide, “eta ordutik zerbitzuko langileok eta herritarrok administrazioak hartutako erabaki oker eta kaltegarrien ondorioak pairatzen” ari dela gizartea. Zenbait adibide jarri dituzte zerbitzua taxuz emateko zailtasuna adierazteko. Besteak beste, esleitu zaizkion zerbitzu guztiak behar bezala eskaintzeko hornidura falta, bulegoen antolakuntza irizpiderik eza, eta langile kopuru urria.
ELAk eta LABek uste dute gobernuak “zerbitzua esternalizatzeko joera kezkagarria” erakutsi duela, eta oroitarazi dute “herritarrentzako arreta egokia langileen inplikazioaren bidez soilik ateratzen dela aurrera”. Horregatik, haien lan baldintzak errespetatzeko eta kalitatezko zerbitzu egonkorra ziurtatzeko erabakiak hartzeko eskatu dute.
Salatu dute azken urteetan 190 orientatzaile kaleratu dituztela, hots, bost urteko ibilbidean orientazioan aritu den talde ia osoa. Sindikatuen arabera, “Eusko Jaurlaritzak egoera zein den jakin arren ez du erantzunik eman, eta horrek aukera bakarra utzi die langileei: mobilizazioetara jotzea”.