Sindikatuen ustez, martxoaren 31n argitaraturiko "argipen oharrekin" funtsezkoak ez diren zerbitzuak eskaintzen dituzten langileak kutsatzeko arriskuan jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Oharraren eraginkortasuna 24 orduren buruan bertan behera geratzea exijitu dute, "kautelazko neurri bezala".
ELAk eta LABek salaketa jarri dute Hego Euskal Herriko bi gobernu autonomoen kontra, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian, martxoaren 31n argitaratu zen "argipen oharra" dela-eta. Ohar horretan, Espainiako Gobernuak ekonomia "hibernazio" egoeran jartzeko ateratako Errege Drekretuaren interpretazio bat egiten zen eta horren bidez oinarrizkoak ez diren industriako hainbat jarduerarekin jarraitzea eskatzen zuten.
Sindikatuen aburuz, horrela, lantokira joatera beharturik dauden langileen "osasuna eta bizia arriskuan jarri" dute: "Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretua urratuz", diote. Langilea bere lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarri dutela uste dute, eta ez hori bakarrik, pertsona hauek beste langile batzuk kutsatzea ere ekar dezakeela, alarma egoeraren printzipio nagusiak "hankaz gora" jarriaz.
Auzitegiei eskatu diete 24 orduren buruan bertan behera uzteko argipen oharren baliogarritasuna eta onartu dezatela "langileen osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea urratu" dituztela.
Funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko espainiar errege dekretua dela eta ika-mika handia izan zen Sánchezen eta Urkulluren exekutiboen artean, azkeneko honek produkzioarekin jarraitzea eskatzen baitzuen. Espainiako Gobernuaren azken uneko "interpretazio" bat baliatu zuten enpresei euren jarduerari eustea eskatzeko. Sindikatuen esanetan, baina, legezko agindu ofizial bakarra Errege Dekretuak dioena da eta langileen osasuna lehenestea eskatzen dute.