Lanera bidean zihoan 61 urteko gizona. Sindikatuak salatu du patronalak alde batera uzten dituela “in itinere” gertatutako heriotzak, baina ohartarazi du estatistika ofizialek erakusten dutela laneko heriotzen erdiak desplazamenduetan jazotzen direla.
Lesakako Arcelor Mittal enpresako langile bat hil zen pasa den ostiralean Nafarroan, denboralearen ondorioz. Elizondoko 61 urteko gizonezkoa lanera bidean zihoala desagertu zen, eta Bidasoa ibaian topatu zuten haren gorpua. ELA sindikatuak elkartasun mezua bidali die hildakoaren gertukoei, eta ohar baten bidez eskatu du lan-istripu gisa aitortzeko heriotza: “Lanera bidean izandako ezbeharrak lan-istripuak dira”.
Sindikatuak salatu du patronalak alde batera uzten dituela “in itinere” jazotako heriotzak, baina gogorarazi dute estatistiken arabera laneko heriotzen gutxienez erdiak trafiko istripuetan izaten direla, lan-arrazoiengatik izandako mugikortasunean. Ohartarazi dute “enpresa gutxik” sartzen dutela prebentzio-planaren baitan langileen desplazamenduarekin lotutako neurririk.
Horregatik, Nafarroako Gobernuak esku hartzea “premiazkoa” dela aldarrikatu dute, “laneko bide-ezbeharren kopuruak gora egin duelako”. Gobernuari eskatu diote gizarte-hitzarmeneko politika ez eraginkorrak haustea eta enpresetan esku-hartze publikoa areagotzea. Azpimarratu dute aurten Nafarroan trafiko istripuz hildako hamasei pertsonatik sei “in itinere” izan direla. Hildakoak Hexacomb, Murillo el Fruto, Diario de Navarra, Monde lez, Envaplaster eta azkena Arcelor Mittal enpresetako langileak dira.