argia.eus
INPRIMATU
ELAk anbulantzietarako azpikontratatutako enpresa auzitara eramango du osasun berme faltagatik
  • Ambuiberica enpresa da EAEn anbulantzia zerbitzua hornitzen duena. Enpresaren aurkako demanda bat aurkeztuko du ELA sindikatuak Justizia Auzitegi Nagusian, koronabirusaren aurreko babes neurriak betetzen ez dituelakoan. Enpresa honetako 15 langile daude oraingoz kutsatuak. Sindikatuak Jaurlaritzari eskatu dio anbulantziak azpikontratatu beharrean kudeaketa beregain hartzea.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 15

ELAk Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan Ambuibericaren aurkako demanda bat erregistratuko du, oinarrizko eskubideen (osasunerako, bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea) zaintzari buruzkoa. Gainera, sindikatuak adierazi duenez, "kautelazko neurriak eskatuko ditu zuzendaritzek premiaz eta berehala eman diezaieten homologatutako babeserako ekipamenduak langile guztiei, bete ditzaten protokoloak eta Lan Ikuskaritzaren behin eta berriz egindako errekerimenduak". Langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko isuna jartzeko ere eskatuko du ELAk.

15 langile kutsatuta

Ambuiberica da EAEko anbulantzietako enpresa esleipenduna. Zerbitzu hauek hornitzen ditu: osasun-larrialdietarako garraio-zerbitzua eta laguntza. Bizkaian 32 egoitza ditu eta 15 Gipuzkoan (RTSUn), eta 825 langileri eragiten die gutxi gorabehera. Hauetatik 15 langile daude kutsatuta eta 39 isolatuta.

Azpikontratazioen ondorioak: anbulantziaren erabiltzaileak arriskuan

ELAk salatu du azpikontratazio sistema: "Eusko Jaurlaritzak herritarren osasuna zaindu eta bermatu behar du. Enpresa esleipendunek langileen osasuna ez betetzeak langileengan ez ezik, zerbitzuaren erabiltzaileengan ere eragiten du; izan ere, neurririk ezak eta kutsatzeko arrisku handiagoak birusaren transmisore bihurtzen ditu anbulantzietako langileak".

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "arazoaren konponbidean inplika dadila eta enpresei exijitu diezaiela segurtasun-neurriak zorrotz betea eta zerbitzu horren kudeaketa zuzenean bere gain hartzea, gaur egun zaintzarako hain funtsezkoa den zerbitzu hori ematen duten langileak subrogatuz".