argia.eus
INPRIMATU
ELA sindikatuak ildo estrategikoak zehaztuko ditu XIV. Kongresuan
  • Bi eguneko bilkuran etorkizuneko lan ildoak finkatu eta Batzorde Eragile berria aukeratuko dute. Horrez gain erabakiak hartuko dituzte indarkeria sexista, euskara lan munduan eta beste hainbat gaiez. Atariko, nazioarteko mintegia egin zuten asteazkenean.

ARGIA @argia 2017ko ekainaren 15a

Adolfo Muñozek jarraituko du izaten ELAko idazkari nagusia eta bere alboko Amaia Muñoa izango da, aurreikusitakoaren arabera. Bilboko Euskalduna Jauregian bilduko dira ELAko 736 delegatu ostegun eta ostiralez, sindikatuaren XIV. Kongresuan, eta bertan kudeaketa txostena eta ildo estrategikoak zehazten dituen ponentzia eztabaidatuko dute.

Horrez gain hainbat ebazpenen inguruan ere haunartuko dute bertaratutakoek, hala nola “sindikalismo ez patriarkala” nola egin edo lanean euskaraz aritzeko eskubideaz. Ebazpenok ponentzia nagusia osatzeko oso garrantzitsutzat dauzka ELAk.

Ponentzian zehazten da etorkizunean sindikatuak hartuko duen norabidea, negoziazio kolektiboari dagokionean edo prekarietateari aurre egiteko ekintza sindikalaren inguruan. Zentzu honetan, testuan ageri denez zentral sindikalak “lehentasunezkotzat” dauka LABekiko harremana: “Sindikalismo abertzalean aliantzak ahalmen izugarria du, indar metaketa handia bildu baitezake burujabetzaren eta justizia sozialaren bidean”.

Orain hiru aste LABek egindako biltzarrean aliantza horretan “arriskatzeko prest” zegoela adierazi zuen Garbiñe Aranburu sindikatu horretako idazkari nagusi hautatu berriak.

ELAren kongresuan ez da faltako ekitaldi emozionalik. Bertan izango dira, esaterako greba luzea egiten ari diren Bizkaiko erresidentzietako langileak.  Era berean, “bakearen artisauei” omenaldia egingo diete, tartean da Txetx Etcheverry ELAren Manu Robles Arangiz institutuko kidea.

Nazioarteko mintegia atariko

Kongresuaren aurretik, asteazkenean, Europan bizi diren krisiak eta haien inguruko alternatibak aztertzeko mintegia antolatu zuten Manur Robles Arangiz institutuaren eskutik.  Eric Toussaint CADTMko kidea,  Gipuzkoako SOS arrazakeriako Tarana Karim eta Zoé Konstantopoulou Greziako legebiltzarreko presidente ohia izan ziren hizlari, besteak beste.  

Zor bidegabearen auditoriaz aritu ziren, baita errefuxiatuen krisiaz edo Europan zapalduak izaten ari diren eskubide laboralez ere. “Europa ez da ezer oparitzen ari. Giza eskubideez ari gara hitz egiten”, azaldu zuen Karimek errefuxiatuen krisi globalaz jardutean.