argia.eus
INPRIMATU
ELAk grebak deitu ditu urtarrilaren 27 eta 28rako hezkuntzako jantoki eta garraioetan
  • Hezkuntza Sailak "sektorean dauden eguneroko arazoak negoziatzeko eta konpontzeko borondaterik ez duelako" ELA sindikatuak grebak deitu ditu urtarrilaren 27 eta 28rako. Grebak ikastetxe publiko, itunpeko eta pribatuei eragingo die. 

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 19a

ELAk grebak deitu ditu urtarrilaren 27 eta 28rako hezkuntzako jantoki eta garraioetan, izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari leporatu dio negoziatzeko eta sektoreak egunero dauden arazoen aurrean konponbideak emateko "borondate eza". Era berean, ELAk salatu du sailak "ez duela bermatzen zerbitzuaren eskaintza, segurtasuna edo enpleguari eustea, eta kolektibo horien lan-baldintzak ez dituela kontua hartzen".

Sindikatuak jakinarazi duenez, Hezkuntza Sailarekin egindako bigarren eta azken bileran (urtarrilaren 11n), ez du eskola-jantokien edo eskola-garraioaren aldeko "benetako apustua egiaztatzen duen daturik eman, eta zerbitzu osagarritzat jo ditu beste behin, zerbitzuen eskaintzaren, mantentzearen edo ordutegien erantzukizuna ikastetxeetako zuzendaritzei eta OMRei helarazi zien". Gainera, sindikatuak zera nabarmendu du: "Eskola-garraioan ez da COVID-19aren aurrean inolako neurririk hartu, ez dago gutxieneko protokolorik. %100eko edukieran jarraitzen dute autobusek eta musukoa 6 urtetik gorakoek baino ez dute erabiltzen". 

Jangelari dagokionez, sindikatuak jakinarazi du 180 miloi euroko aurrekontua duela Hezkuntza Sailak ikasturte honetan eskola-jantokietarako, "nahiz eta dirua nola banatuko duen azaldu ez".