argia.eus
INPRIMATU
ELAk ere bat egin du eskola publikoaren aldeko azaroaren 6ko manifestaziorekin
  • LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuez gain, ELAk ere mobilizaziora joateko deia egin du ostegun honetan, baita beste eragile andanak ere. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak antolaturik, azaroaren 6an eginen dute manifestazioa Bilbon.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko urriaren 28a

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak deiturik, Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez! lelopean eginen dute manifestazioa azaroaren 6an. LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuez gain, ELAk ere bat egin du hitzorduarekin: "Bat egiten dugu gure eskola publikoa sostengatzen duten langile eta profesionalen gaineko harrotasuna adieraztean. Honetaz haratago, eskola publikoak baliabide eta neurri eraginkorrak behar ditu. ELAk ezinbestekotzat jotzen du horiek bermatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzaren interpelazioa zein horretarako mobilizazioa erdigunean jartzea".

Deialdiarekin bat egin dutenen artean dira ere Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Amurrioko, Donostialdeako eta Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskola, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea (EHIGE), Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa (HEIZE), Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, eta Gazte Komunistak.

Hezkuntza sistema "duala, klasista eta arrazista"

Mobilizazioaren berri emateko urriaren 26ko prentsaurrekoan hezkuntza sistema "duala, klasista eta arrazista" gaitzetsi du Topaguneak, euskal eskola publikoaren kaltetan jokatzen duela adieraziz, "segregazioa eta bi mailako ikasleak" sortzen dituenez gero.

Silvan & Miracle aholkularitzak egindako Euskadiko ikasleen bilakaera soziodemografikoa azterketaren datuak oinarri, egoera larria dela azpimarratu dute prentsaurrekoan egondakoek: "Europako eta Espainiako Estatuko erkidegorik segregatzaileenetariko bat gara". Horren aurrean, aldarrikatu dute hezkuntzak ez lukeela merkatuaren logikaren mende egon behar, eta familien ahalmen ekonomikoarek ez lukeela hezkuntzarako eskubidea baldintzatu behar.

Hauek dira zehazki Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak luzatu aldarrikapenak:

1: Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du baliabide ekonomiko, material eta pertsonalen aldetik, denona eta denontzakoa den eskola delako.

2: Eskola bakarraren aldarria. Ondorioz, eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan 0tik 18 urtetara.

3: Pribatizazioarekin amaitu. Sortzen diren ekimen pribatu guztiak, derrigorrezkoak ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa) baimendu, itundu eta diru publikoarekin sostengatzen dituen politikarekin bukatu behar da. Jaiotze-tasa behera doan une honetan, eta ikastetxe pribatuekiko kontzertuak datozen 6 urtetarako berrizteko daudenean, Administrazioari diru publikoaren erabilera bidezkoagoa bideratzea.

4: Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudi adostua sortzea.

5: Euskarazko murgiltze eredua orokortzea. Diru publikoarekin ez finantzatu euskalduntzen ez duten eta, beraz, inklusioaren eta integrazioaren kontra jokatzen duten hizkuntza-ereduak dituzten ikastetxe pribatuak.

Eusko Jaurlaritza interpelatzeaz gain, ikastetxe pribatuei ere dei egiten die Topaguneak, "egoera hau baliatuz bere pribilegioak mantendu, inklusioari muzin egin eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako".

Mobilizazioa azaroaren 6an, 17:00etan abiatuko da Bilbon kokaturiko Hezkuntza Ordezkaritzatik (Diego Lopez de Haro kale nagusiko 85. zenbakia).