Maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako deitu dute greba, lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Lanalden enpresak kudeatzen du azpikontratatutako zerbitzu publikoa.
Hiru aldarrikapen nagusi egiten dituzte langileek, sindikatuek prentsa oharren azaldu dutenez: “Antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak, eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea”.
Lanalden enpresako arduradunek negoziatzeko borondaterik ez dutela salatu dute langileek: “Hasiera batean negoziazio bilerak izateari uko egin zion, baina lehen greba deia egindakoan bilera bat izatea onartu zuten”. Langileen arabera, bilera hartan enpresak esan zien ez dagoela lan baldintzak hobetzerik, mozkin ekonomikoak horretarako estuegiak direlakoan. Enpresak aurkeztu dien dokumentazioa eta Udalarekin duen akordioaren baldintzak aztertu ostean, ordea, bestelako ondorioa atera dute 010 zerbitzuko langileek: “Argi ikusten dugu langileen eskaerak aintzat hartzeko gaitasuna badutela”.
Langile eta sindikatuen ordezkariekin biltzeari uko egin dio Udalak bere aldetik, gatazka enpresa eta langileen artekoa dela argudiatuta. Langileek jarrera hori kritikatu dute, “diru publikoaren erabileraren kontrolik ez baitu egiten. Kontua da, esleipenaren prezioa hazi arren, langileengan ez duela eragiten eta zerbitzua hobetzeko langile gehiago ez dela kontratatzen”.