El Salvadorreko auzitegi batek erdigunean jarri du abortu eskubidearen auzia herrialdean eta mundu mailan: 2008an Teodora Vazquezi, nahi gabeko abortua izan zuen emakumeari, 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten umekia hiltzeaz leporatuta. Defentsak apelazioa aurkeztu ostean, epaileak berretsi egin du orain zigorra.
Auzitegiak adierazi duenez, defentsak aurkeztutako frogak ez dira Vazquez errugabetzat jotzeko modukoak. Hugo Mata abokatuak, aldiz, frogak behar bezala aztertu ez izana salatzen du. “Froga zientifikoak argiak dira eta ez datoz epaiarekin bat”. Kasazio errekurtsoa jarriko duela esan du Matak, “tragedia” honekin amaiera emateko.
Eragile sozialek Vazquezen errugabetasuna aldarrikatu dute, aborturik egon ez zela izan azpimarratuz. Izan ere, osasun arazoak medio, lantegiko komunetan odola galtzen hasi zen Vazquez. Larrialdietara behin eta berriro deitu arren ez zuen erantzunik jaso eta ezin izan zuen odoljarioa eten.
Amnistia Internazionalak 250.000 sinadura aurkeztu zizkion iaz El Salvadorreko Justizia ministroari Teodora Vazquez aske uzteko eskatuz. El Salvadorreko justiziarekin oso kritiko azaldu da: “Badirudi giza eskubideak salbuespeneko elementuak direla herrialde horretan”.
OME Osasunaren Mundu Erakundeak zehazten duenez, munduan abortu eskubidea erabat debekatzen duten hainbat herrialde daude: El Salvador, Nikaragua, Gineako Errepublika, Dominikar Errepublika, Malta, Vaticano Hiriko Estatua, Senegal eta Andorra, besteak beste. Txile ere talde horren barnean zegoen, baina abuztuan abortua despenalizatzeko hiru kasu onartu zituen Senatuak: emakumearen bizitza arriskuan egotea, fetuaren bizitza arriskuan egotea eta bortxaketa kasuetan.