argia.eus
INPRIMATU
El Salvadorreko lehendakariak hiru hilabetez eten ditu alokairu eta kredituen ordainketak
  • Sare sozialetan izurria bera bezain azkar ari da zabaltzen El Salvadorreko presidente Nayib Bukelek herritarrei egin dien hitzaldia aurkeztuz Covid-19 izurriaren kontra bere gobernu berriak hartu dituen neurriak. Ahobizarrik gabe gauzak azaltzen dituen lider berri bat ezagutu du munduak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2020ko apirilaren 05
Nayib Bukele bere ministroen aurrean koronabirusaren kontrako neurriak aurkezten, bizkarrean duela ultraeskuindarrek hildako Romero apezpikuaren erretratua.

El Salvador den bezalako herrialde txiki batek nekez biltzen du beregana munduaren begirada, ez bada narkotrafiko edo ‘mara’ jendearen istorio odoltsuengatik. Oraingoan, ordea, bere lehendakari gazteak lortu du koronabirus izurriaren kontrako borrokan hartu beharreko jokabide bereziarekin. Sare sozialak sutan jarri behar ditu Nayib Bukeleren hitzaldiak.

Laburbilduz, lehendakariak eta gobernuak erabaki dutenez, herritarrei eten diete oinarrizko zerbitzuak (ura, argia, internet…) ordaindu beharra, 300 dolarreko bonua emango zaie krisiagatik diru-sarrera barik geratuko diren herritarrei (ekonomia informalean ari direnei bereziki), etenda geratu dira hiru hilabeterako etxebizitzen alokairuen ordainketak eta berdin hipoteka-kredituen, kontsumo-kredituen, txartelen edo ibilgailu-kredituen kuotak ere (etenaldiaren ondoren, hiru hilabeteok kredituotako bakoitzak ordaintzeko falta duen epean zehar proportzioan banatuko dira)…

Gogoangarriak dira Bukelek herritarrentzako hitzaldian esandako hainbat pasarte. Aberatsei esandakoak, esaterako: “Enpresari batzuk kezkatuta daude beren aberastasunetik %10, %15 edo %20 galduko dutelako. Baina… zuek dirua baduzue 10 edo 20 bizitza bizitzeko! Ez zarete hori gastatzeko adina urtez biziko. Hobe egingo duzue bizitzen jarraitzea pentsatuta. Ospitaleko ohe bat behar baduzu, arreta behar duzulako, eta arnasa hartu ezinean baldin bazaude, sinets iezadazu, gutxiena axolako zaizuna izango da bankuan daukazun kontua, haizagailu mekaniko bat egotea desiratuko duzu. (…) Sakrifikatu gaitezen guztiok pixka bat”.