argia.eus
INPRIMATU
Komikia
El Salvadorreko iraultzailea

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko abuztuaren 13a

Migel Marmolen lehen jaiotza 1905eko uztailak 4 zituela gertatu zen, baina gertatuko ziren berriak. Hamaika eta bat. El Salvadorreko Alderdi Komunistaren sortzaile eta buruzagietako bat izana, 1932ko indigenen altxamenduan parte hartu zuen Miguelitok. Hainbatetan saiatu ziren hura hiltzen, fusilatu ere egin zuten, baina beti alferrik. Haren bizitza XX. mendeko El Salvadorren historiaren parte da.

Zortzi urteko lanaren fruitu da Dani Fanoren komiki mardul hau. Eduardo Galeanoren testuek piztu zuten txinparta, eta Roque Daltonen liburu batek segida eman. El Salvadorren bertan borobildu zuen Fanok liburua, Hitzaren eta Irudiaren Museoko arduradunekin elkarlanean. Baita dotoreziaz borobildu ere. Erritmo bizian egiten du aurrera kontakizunak, testuinguruaz jabetzeko beharrezko datu historikoekin, eleberri poliziako baten osagaiak tartekatuz. Bizitasunak testuei ere zor die. Gaztelaniazko bertsioan elkarrizketak El Salvadorreko hizkeran idatziak daude eta, euskarazkoan ere, Koldo Izagirrek ukitu berezia eman die; komikira ederto egokitzen den erregistroa erabili du. Neurrira egokitzen diren bezala arkatzez marrazturiko Fanoren irudiak. Oso adierazkorrak dira pertsonaiak, eta ederrak oihan eta herrietako paisaiak.

Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak

Egilea: Dani Fano

Itzultzailea: Koldo Izagirre

Astiberri, 2018

208 orrialde