argia.eus
INPRIMATU
El Procès, ikuspegi libertario bat
  • “Prozesua” dela-ta, badira, Kataluniako libertarioen artean, nazio-arazorik badenik ukatu eta borroka hau beraiena ez dela esaten dutenak; badira mugitzen den edozeri jarraitzeko prest egon eta independentziaren aldeko oldearekin era oportunistan eta akritikoan bat egin dutenak; eta badira, azkenik, prozesuan modu kritikoan eta aktiboan parte hartzen dutenak ere.

Pablo Sastre 2018ko urtarrilaren 18a

Azkenok CDR-etan [Comitès de Defensa de la República] zentratzen dute beren aktibitatea, besterik baino, herri-organizazioa indartzea eta tokiko autonomia zabaltzea begi-miran dituztela.

Talde libertario hauek (haien aurrekaririk ezagunentzat No a l’Estat, sí a la Independència agiria ematen ahal da) nazio-estatua saihestuko luketen herri-organizazio erak ari dira saiatzen: saihestu, bai, jakina, Espainiako Estatua, baina bai Kataluniakoa ere, nahiz eta azken hau gaitz erditzat jotzen dute askok.

Prozesua –haien ustez– herri-iniziatiba batetik heldu bazen ere, funtsean, herri-proiektu moduan, porrot egin du. Oraindik ere pentsa liteke, elite politikoek markatutako bideetatik irten litekeela, dagoeneko egundoko ustekabea izango litzateke baina: prozesua, eduki, eliteok oso beren eskutik hartuta daukate.

Azken hilabeteetan gertatu denak, herritarren ekimenekin elite hauek daukaten konfiantzarik eza erakusten du. Urrian, efektiboa izan zedin asmo handirik gabe aldarrikatu zuten independentzia. Ez zuten 155.ari desobeditzeko estrategiarik landu edo keinurik egin... Azkenik, Espainiako presidenteak hauteskundeak konbokatu zituenean, makurtu ziren; hori dela-eta, katalan asko, boto ematea beste zereginik ez daukatela ikusita, arrunt lur jota edo etsita daude.

Independentziaren aldeko ahalegina, “ongi-izate” eta “demokrazia” parametroetan inskribitzea lortu zuten elite katalantzaleek. Libertarioek, beste hainbat lagunek ere, haratago eraman nahi dute: nazio-gatazkaz hara ere, sistema estatal-kapitalistak bera ere ustelduta dagoela erakutsiz.

Independentziaren aldeko herri-mugimenduak balio handiak azaleratu ditu: lurrarekiko eta bizi-tokiarekiko atxikimendua; deszentralizazio, autonomia eta demokrazia zuzeneko xedea; hizkuntzaren eta kulturaren estima... Madrilek erabili duen mespretxua eta errepresioaren aurrean, injustizia sentimendu batek ere bilarazi ditu borrokan ari diren sektore ezberdinak.

“Bateko eta besteko eliteei aurre eginez –esaten digu Laia Vidal, Grup de Reflexió per a l’Autonomia-koak– Katalunia popularra birsortzen gure alea eman nahi dugu. Beharbada honenbestean dinamika destruktiboak azkarregiak dira ezer egiteko, baina ez gara saiatu gabe egongo. Bitartean, ez gara zain egongo instituzioek independentzia sinbolikoa aldarrika dezaten. Autonomia erreala eraikitzen jarraituko dugu”.