argia.eus
INPRIMATU
‘El Jueves’ aldizkariko zuzendariari eraso egin diote nazien aurkako azala zabaldu ostean
  • Europan azken urteotan mugimendu ultraeskuindarren eta neonazien berragerpena salatzeko azala argitaratu du El Jueves aldizkariak. Ahoan bilorik gabe umorea egiteak kritikak jasotzea dakar berarekin. Baina kasu honetan, kritika eraso fisiko bilakatu da. Mayte Quilez zuzendariari eraso egin diote bere etxeko atarian, ElNacional.cat hedabideak jaso duenez.

Axier Lopez @axierL 2016ko maiatzaren 12a

Asteartean argitaratu dute azala sare sozialetan eta segituan piztu du zeresana. Horrela zabaldu dute Twitter bidez: "Aste honetako azala! pd: Nazia bazara eta minduta bazaude, izorrai! Remember Stalingrado!"

Asteazken goizean Bartzelonako etxera sartzen ari zela, atarian zain zuen pertsona batek aurpegian ukabilkada eman eta ihes egin zuen. Poliziari helarazi dio salaketa. "Mila esker guztiei zuen interesagatik, aragoiarra naiz eta ergel batek ez nau botako", adierazi du Quílezek Twitter bidez.

Mehatxuak ez dira horretan geratu eta ugariak izan dira aldizkariak sare sozialen bitartez jaso dituen irainak. Kasuak elkartasun mezu andana ere eragin ditu, adierazpen askatasuna aldarrikatzearekin batera.

Mugimendu naziei begirako kritika izanik ere, Espainiako eskuineko hainbat lagun minduta agertu izanak polemika areagotu baino ez du egin. Umorea galdu gabe, El Juevesek oso garbi utzi du bere jarrera lehen momentutik: "Aste honetako azala! Nazia edo erabateko babua bazara, edota VOXi ematen badiozu boza eta gure azalak mindu bazaitu, bidali zure kexa ondorengo helbidera"