Abuztuaren 24 honetan Montevideoko Filtroko gertakarien 27. urteurrena betetzen da. Kontzientzia internazionalista solidariotik, Uruguaiko herriak eta herri-mugimenduko antolakunde ugarik aldarrikatu zuten Jesús María Goitia, Mikel Ibáñez eta Luis Lizarralde euskal militanteei herri gisa asiloa emateko eskubidea, Espainiako Erresumak horien estradizioa eskatu baitzuen. Uruguaiko antolakunde, militante eta herritarrentzat hainbat egunetako mobilizazioak ekarri zituen, eta horrekin batera, ehun zauritu baino gehiago eta bi hildako: Fernando Morroni eta Roberto Facal.
Ikasle-mugimenduak lanuztea deitu zuen, eta Frente Amplio indar politikoak, berriz, asilo-eskariari herri-babesa emateko manifestaldia. CX36 eta CX44 irratiek kontzentrazioa, greba orokorra eta manifestazioa deitu zituzten hilaren 24rako, egun horretan amaitzen baitzen legezko errekurtso bat jartzeko aukera oro. Gutxi gorabehera 50 parlamentarik, giza eskubideen aldeko hainbat erakundek eta Montevideoko Eliza Katolikoak asilo politikoaren alde egin zuten. Montevideoko Departamendu Batzordeak, bestalde, adierazpen bat onartu zuen “Uruguaiko tradizioari ohore egingo dion erabaki humanitarioa (...) hartzeko, asilo lurraldea baita”. Hala ere, Luis Alberto Lacalle lehendakariak adierazi zuenez, “justiziak estradizioa xedatzen badu, hemendik joan behar dira. Botere Judizialaren gaia da hau, eta, besterik gabe, horren esanetara egon behar dira”. Gainera, zehaztu zuen “asilo politikoak ez duela lekurik estradizioa betetzen denean”, estradizio hori Uruguaiko auzitegiek gaitzen baitute, ETAko ustezko kideek Espainian egindako delituen ondorioz.
Hilaren 24an, 17:00etan, errepresio orokorra hasi zen, aurrez abisatu gabe. Polizia zaldi gainean sartu zen manifestarien plaza husteko, jendeari oldartu egin zitzaion, eta gogor kolpatu zuen. Herrialdea 1985ean demokraziara itzuli zenetik egondako errepresio sozialik larriena izan zen, Ángel María Gianola barne-ministroaren gidaritzapean.
"Filtroko gertakariak izan eta urtebetera, gertatua oroitu eta arbuiatzeko lehen manifestaldia egin zen, eta urtero errepikatu da, gaur arte"
20:00etatik aurrera, “52. kode operatiboa” jarri zen martxan, “hiltzeko arriskuan dagoen poliziarentzako” kodea, hain zuzen. Errepresioa areagotu egin zen, orduan egon ziren zauritu gehienak eta Fernando Morroniren hilketa ere orduantxe gertatu zen. Hilaren 25ean, goizaldean, Roberto Facal hil zuten, argazkiak egiten eta bertaratutako jendeari materako ura eramaten ari zelarik.
Abuztuaren 26an, milaka pertsona isilpean joan ziren lau orduz Fernando Morroniren hilkutxarekin. Normak, bere amak, esan zuen: “Ez diet errua euskaldunei botako, erreprimitu zuten horiek hemengoak direlako, modurik ankerrenean erreprimitu zutenak uruguaitarrak izan ziren; gazteak hil dituzte, horien artean nire semea, beste batzuk desagerrarazi dituzte, beren esku zituzten arma guztiak erabiliz”.
Filtroko gertakariaren ondoren, eztabaida piztu zen. Mamuak atera, eta erasoak tupamaroengan kontzentratu zituzten, kikildutakoak are gehiago izutzeko. Eleuterio Fernández Huidobro tupamaro ohiak esan zuen “ETAk errepresaliak har zitzakeela gure herrialdearen aurka”, eta ohartarazi zuen “orain ondorio guztien ardura hartu beharra” zegoela. Eskuinak presioa egin zuen progresismoak antolakuntza erradikalaren aurka egin zezan. Frente Ampliok berehala esleitu zien 1994ko hauteskundetako porrota “erradikalizatutako talde jasanezinei”. MLN(T)ko Batzorde Zentralean, bestalde, argudiatu zen errepresioari modu antolatuan aurre egiteagatik eragin zela sarraskia, eta hilketen erantzukizuna, nolabait, haiena zela. Poliziari justifikaziorik ez emateko eta hilketak ez errepikatzeko, borrokarako grina duen indar militantea sortzeko estrategiari uko egin behar zitzaion, eta haren ordez desobedientzia zibila edo indarkeriarik gabeko erresistentzia sustatu behar ziren. Frente Ampliok eta MPP-Espacio 609 taldeek, hala ere, ez zuten inoiz estrategiarik garatu indarkeriarik eza aktiboki erabiltzeko.
Filtroko gertakariak izan eta urtebetera, gertatua oroitu eta arbuiatzeko lehen manifestaldia egin zen, eta urtero errepikatu da, gaur arte. Asamblea Permanente de los Derechos Humanos erakundeak egin zuen deialdia, baina ez zuten parte hartu PIT-CNT sindikatua eta Frente Amplio bezalako erakundeek, nahiz eta horien oinarrietako militante askok bai, sindikatu txiki batzuekin batera.
Espainiar Estatuan, 2002. urteko BOEn honako hau argitaratu zen: “Angel Maria Gianola jaunari, Uruguaiko Ekialdeko Errepublikako Barne-ministro ohiari, nire estimu erreala adierazteko, Kanpo Arazoetako Ministroak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2002ko azaroaren 15ean eztabaidatu ondoren, Isabel Katolikoaren Ordenako Gurutze Handia eman nahi diot. Madrilen, 2002ko azaroaren 20an. JUAN CARLOS E. Kanpo Gaietako ministroa, ANA PALACIO VALLELERSUNDI”.
Uruguaiko herri-mugimenduak urtero eskatzen ditu Filtroko krimenaren inguruko inteligentzia-txostenak. Hala ere, Frente Amplioren hiru gobernuren ondoren (2005-2020), ez da inolako ikerketarik argitaratu, eta hiltzaileek eta errepresioa gidatu zutenek zigorrik gabe jarraitzen dute.
Lacalle Pou presidentearen zentro-eskuineko gobernu zuri berriak espero zitezkeen doikuntza liberalak eta pribatizazioak egiten dituen bitartean, Frente Ampliok bere porrota egozten dio ustez hamabost urtez gobernuan egoteak dakartzan “esfortzu eta higadurari”. Hala ere, jendeak uste du “Uruguain argi daukagula gaur Partido Nacional koalizio multierreakzionarioa gobernuan dugun arren, Frente Amplio eta Astori ministroa egongo balira, berdin egingo litzatekeela. Pandemiaren erdian kanpo-zorra ordainduko litzateke, jauregi handietan bizi diren espekulatzaile batzuei emandako hitza bete edo ‘ohoratu’ egin behar delako”.
“Uruguaitar batzuen artean lau mila milioi dolar bildu zituzten nazioko eta atzerriko bankuetan” eta, garai berean, “100.000 herritar pobrezia-lerroaren azpitik geratu ziren”. Merkataritza Ganberak berak onartu zuen 100.000 lanpostu eta 6.000 enpresa galdu zirela 3.462.000 biztanleko herrialde batean. Lana galdu zuten 300.000 pertsonatik 240.000k, 15.000 “lanaldi solidariotan” izena eman zuten, 300 dolarreko lanpostuetan.
"Filtro gure oroimen historikoan mantentzea bezain garrantzitsua dela lan egitea krimen haien arduradun bakar batek ere inoiz ez dezan gertatutakoa ahaztu"
Horren guztiaren aurrean, Lacalle Pouren gobernu berria saiatzen ari da, ahalik eta azkarren, gaur egungo eta etorkizuneko zigorgabetasuna onartzen, Ley Urgente de Consideración (LUC) deritzon legearekin polizia gehiago ahaldunduz eta manifestazioak, piketeak, grebarako eskubidea eta abar mugatuz eta murriztuz. Federación Uruguaya de Cooperativas de Vivienda por Ayuda Mutua deritzon federazioak, Federación de Estudiantes Universitarios de Uruguay deritzonak, mugimendu feministak eta mugimendu sindikalak sinadurak biltzeko kanpaina bultzatu zuten, lege horren aurkako erreferenduma egiteko. Frente Ampliok, azkenean, kanpainarekin bat egitea erabaki zuen, nahiz eta orain oposiziogilea den alderdi horren erabakia bere oinarrietatik etorri zen, eta ez zuzendaritzatik. Antolatutako sektoreez gain, azken hamabost egunetan milaka emakume eta gizon atera ziren beren kabuz falta ziren sinadurak biltzera eta, azkenean, 100.000 sinaduratik gora lortu zituzten.
Horiek dira, besteak beste, Filtroko gertakariei lotutako historiari eta aurtengo manifestazioaren koiunturari dagozkien zenbait alderdi. Ezin da ukatu Filtrok Uruguaiko eta Euskal Herriko memoria historiko partekatuaren atal gisa duen garrantzia. Hala ere, ez dugu ahaztu behar Filtro gure oroimen historikoan mantentzea bezain garrantzitsua dela lan egitea krimen haien arduradun bakar batek ere inoiz ez dezan gertatutakoa ahaztu, ez haien konplizeek, ez gaizkile bakar batek ere, orain arte zigorgabe geratu badira ere.
Euskal elkartasun internazionalistaren porrot bat esan nahi du Filtrok, ez baitzen prebentzioz jokatu. Hala ere, edozein porrot, ez den bezala saltzen ez bada, garaipen bihur daiteke oraindik, baldin eta herriaren oroimenean mantentzen bada eta memoria horrek mobilizazioa sustatzen badu, kriminalen desmemoria desinteresatua galarazteko.
Badakigu “mundu zaharra hiltzen denean, berriak denbora behar duela agertzeko. Eta argi-ilun horretan sortzen direla munstroak”. Emakume eta gizon berria ez dira jaiotzen ari. Iraultza da emakume eta gizon berria solidario eta internazionalista egiten dituena. Hala ere, “gaizkiaren hutsalkeriaren” ordez, “ongiaren hutsalkeria” sor dezakegu. Nola? Bada, “pesimismo handiarekin, adimenari baitagokio”, eta “optimismo handiarekin, borondateari baitagokio”; alegia, ezkerrean egiten dugunaren justu kontrakoa, pragmatismo progresista liberal baten irrazionaltasunerantz desbideratzen garenean.