El Correo egunkariaren igandeko azaleko lerroburu nagusia gezurtatu du Ugo Mayor EHUko Biokimika irakasle eta Ikerbasqueko ikerlariak: “Birusak kutsatutako euskal herritarren % 2 soilik kutsatu da lantokian”, zioen hedabideak; aldiz, batetik, Eusko Jaurlaritzak kutsaduren jatorriaren %5 soilik argitzen du bere datuetan eta, bestetik, datu horiek %100era estrapolatuz gero, kutsaduren %50a pasata ematen dira lantokietan.
EAEko egunkari salduenak igandean eman dio lerroburu nagusia ustezko datuari: COVID-19ak kutsatu dituen pertsonen %2a “soilik” kutsatu da lantokietan. Egun berean Ugo Mayor biokimikariak –gaitzaren datuen jarraipen estua egiten ari dena bere Twitter kontutik–, “lotsagarri” izendatu du berriak egiten duen “datuen manipulazioa”, eta bere salaketa argudiatu du hari batean.
El Correo-ren berriak Espainiako Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala (RENAVE, gazteleraz) aipatzen du bere datuen iturri bezala, Mayorrek nabarmentzen duen bezala. Eta hain zuzen ere RENAVEren azken txostenaren datuek (azaroaren 25ekoa da txostena) uzten dute agerian El Correo-k ematen duen %2 horren faltsukeria.
Eusko Jaurlaritzak ez du kutsaduren jatorrien daturik ematen
Lehenik eta behin, ezinezkoa da jakitea EAEko COVID-19 kutsaduren jatorria, Eusko Jaurlaritzak berak ez dituelako datu horiek ematen. RENAVEk txostenaren 9. irudian jasotzen duenez, kutsaduren jatorria kasuen %5,4an bakarrik zehazten du Urkulluren gobernuak. El Correo-k hain zuzen ere horri eskaini zion berri bat azaroaren 13an, Mayorrek azpimarratu duen gisan: “COVID-19 kutsaduren jatorria misterio bat da Euskadin”, zioen izenburuak. Ematen du taulak beste datu argigarri bat ere: EAE da kutsaduren jatorriaz datu gutxien ematen duen Espainiako Estatuko erkidegoa
Dauden datu urriek oso bestelako errealitatea iradokitzen dute
Kutsadura kasu guztien %5,4 horietatik, Eusko Jaurlaritzak estatuari emandako datuen arabera, %2,6 “osasun zentro edo zentro soziosanitarioetan” gertatu da; %1,6 “bestelakoetan”; eta %1,3 “lantokietan”. Hau da: jatorria identifikatuta dagoen kasuen %24an, kutsadura lantokian gertatu da. Baina horiek ez dira denak. “Nor kutsatzen da osasun zentro eta zentro soziosanitarioetan?” egiten du galde Mayorrek. Hau argitzeko ere ez dago EAEko daturik, baina RENAVEren txostenak ematen ditu estatu mailakoak, ideia bat egiteko baliogarriak izan daitezkeenak:
Osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan 50.986 kutsadura kasu jaso ditu RENAVEk, eta 31.044 gune horietako “osasun langileak” dira, %60,88. (Mayorrek 34.733ko datua ematen du, %68a, “beste zentro” batzuetako langile kutsatuak ere aintzat hartzen dituelako –3.689–, guk horiek kanpo uztea erabaki dugu. Edonola dela, aldaketa txikia da). Proportzio horiek EAEra aplikatuz gero, jatorria zehaztuta dagoen kasuen %29a lantokian kutsatutako osasun arloko langileak lirateke. Orotara, bestelako lantokietan kutsatutakoen datuei gehituta (%24+%29), identifikatutako kasuen erdia baino gehiagoren jatorria lantokietan legoke (%53).
Datu horiek kutsaduren %100era estrapolatu al daitezke? Ez du ematen %5,4ko lagina nahikoa denik horrelako baieztapenik egiteko. Baina, batetik, datu gehiagorik ez badago, Eusko Jaurlaritzak ematen ez dituelako da; eta, bestetik, oso argi dagoena da El Correo-ren igandeko lerroburu nagusia egiatik oso urruti dagoela.