argia.eus
INPRIMATU
Yasuni natur erreserban petrolioa ustiatzearen aurka agertu dira ekuadortarrak
  • “Ekuadorreko amazonas” bezala ere ezaguna da parke nazionala –2.000 zuhaitz, 204 ugaztun, 610 hegazti, 121 narrasti eta 250 arrain espezie aurkitu dituzte bertan–. Yasunidos eragilea izan da galdeketa egitearen alde eta zonalde natural hori ustiatzearen aurka agertu dena. Ekuadorko Gobernuaren kalkuluen arabera, 1.200 milioi dolar gutxiagoko etekinak izango ditu herrialdeak urtean, baina kontrara, natur ondare hori mantenduko du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 21
Yasuni babestearen aldeko kanpaina / Argazkia: Rodrigo Buendia Yasuni babestearen aldeko kanpaina / Argazkia: Rodrigo Buendia

Yasuni Parke Nazionalean (Ekuadorren) petrolioa ustiatzearen aurkako botoa eman dute hango biztanleek. Yasunidos eragileak galdeketaren alde egindako kanpaina gakoa izan da, erreferendum ofiziala lehendakaritzako hauteskundeen lehen itzuliarekin batera egin ahal izateko.

Ingurunea oso zaugarria da eta ondorioz lur isurketak gertatzeko probabilitate handia dago, Naiz.eus-ek gogorarazi duen moduan. Hori dela eta, bertan bizi diren indigenentzat toki arriskutsu bihurtu daiteke. Parke Nazionalean 2.000 zuhaitz, 204 ugaztun, 610 hegazti, 121 narrasti eta 250 arrain espezie aurkitu dituzte, eta tagaero, taromenane eta dugakaeri dira herri indigena nagusiak bertan.

Emaitzak ikusita Ekuadorko Gobernuaren esku dago orain aldaketak egitea. Orain arte 55.000 petrolio upel ekoizten ziren bertan; herrialdearen oinarri ekonomiko handi bat, %11 hain justu. Gobernuaren kalkuluen arabera, 1.200 milioi dolar gutxituko dira etekinak, eta 500 milioi dolarreko gastua egin beharko du instalazioa eraisteko.

Besteentzat eredua

“Aurrekari oso garrantzitsua da, eta ondorengoentzat edo beste herrialde batzuentzat eredua eta itxaropen izpia izan daiteke”, azaldu du Helena Gualinga ekintzaile ekuadortarrak. La Mare-ak zabaldu ditu Entre Pueblos elkartearen hitzak: “Ustiaketa eredu guztiak ezgai izan dira Ekuadorreko herritarren oparotasuna bermatzeko, lortu dutena desoreka soziala handitzea, pobrezia sustatzea eta migratzaileak baztertzea izan da”.