Ekuadorreko Konstituzio Gorteak ezkontzea eskatzen zuen bikote homosexual baten alde egin du epaiketa batean. Prozedura judizial honek Ekuadorreko Asanbladak legeak aldatzeko bidea ireki du.
Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak Ekuadorreko bikote homosexual baten aldeko iritzia argitaratu ondoren, bikoteak beren herrialdeko bide judizialetik hasi zuen haien eskubideak defendatzeko bidea. Ekuadorreko erregistro zibilak tramitea ukatu ondoren, Pichincha probintziako auzitegietara jo zuten beste bide judizial bat irekitzeko. Une hartan, Konstituzio Gorteari eskatu zioten Giza Eskubideen Gorte Interamerikarraren ebazpena interpretatzeko.
Interpretazio-epe luze bat eta gero, Konstituzio Gorteak asteazkenean adierazi zuen Konstituzioaren kontraesanen gainetik, interpretazioak pertsonen berdintasunaren egin behar duela. Ekuadorreko Konstituzioak familia-aniztasuna defendatzen du, baina aldi berean ezkontzak soilik gizon eta emakumeen artekoak direla esaten du. Kontraesan hau ezkontza homosexualaren alde hautsi du, eta Freddy Carrión Herri Defendatzailea pozik azaldu da erabaki honen aurrean: “Giza eskubideen aurrerakada historikoa bizi dugu gaur” adierazi du Carriónek.
Nahiz eta pausu honekin bikote homosexualak ezkondu daitezkeen, Konstituzio Gortearen epai honek ez du lege-erreforma bat ordezkatzen. Konstituzioaren interpretatzaile gorenak bi eskaera egin dizkio Asanbladari; lehenik, ezkontzaren instituzioa berdintasunaren alde erreformatzea, eta bestetik, konstituzio-erreforma baterako tramiteak hastea.
Halako kasuen inguruan oso gizarte polarizatua da ekuadortarra, eta horrek epaiketan bertan du isla; izan ere, bost epailek egin zuten ebazpenaren alde, eta beste lauk aurka.
Asanbladaren balazta
Nahiz eta epaia ezkontza homosexualaren aldekoa izan, bide luzea geratzen da guztiz legeztatzeko. Ebazpenaren aurka bozkatu zuten lau epaileek sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatzeko bide egokia konstituzio-erreforma dela esan dute, Asanbladaren eginkizuna dela azpimarratuz.
Joan den urtetik Konstituzio Gortearen beste bi ebazpen daude Asanbladan, ez aurrera ez atzera. Bata, nortasun-agirian genero aldaketa azaltzearen ingurukoa, eta bestea homosexualen seme-alabek beren bi gurasoen izen abizenak izateko eskubidearen ingurukoa.
Bat gehiago
Konstituzio Gortearen ebazpenarekin, 28 dira sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu duten munduko herrialdeak. Zerrenda honetako lehena Herbehereak izan ziren; 2001eko apirilaren lehenean onartu zen, eta Amsterdamgo Udaletxean ospatu zen lehen ezkontza, bost bikoteren artean ospatu zena. Belgika izan zen bigarrena 2003an, eta Mendebaldeko beste hainbat herrialde legalizatzen hasi ziren: Kanada (2005), Espainia (2005)… Hegoafrika ezkontza homosexuala legeztatu duen Afrikako lehen eta azken herrialdea da, 2006an.
2010ean Argentina sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legeztatu zuen Hego Amerikako lehen herrialdea izan zen. Zeelanda Berria eta Taiwan izan dira Pazifikoan eta Asian homosexualen ezkontza legeztatzen lehenak, 2013 eta 2019an hurrenez hurren.
Zerrenda honetara pixkanaka herrialde gehiago gehitzen ari diren arren, Nazio Batuen Erakundeko 193 herrialdetatik 28k bakarrik legeztatu dute ezkontza homosexuala, herrialdeen %14,5a. Sexu bereko pertsonen ezkontzaren egoera legalaren inguruko munduko mapa ikusita, munduaren egituraketaz ohartu gaitezke. 28 herrialde horietatik gehienak Mendebaldeko potentziak eta aliatuak dira: Europar Batasuneko herrialde asko, AEBak, Kanada, Hegoafrika, Brasil…
Hego Amerikako egoera ere azken hogei urteetan izan diren gobernuekin eta orokorrean eskualdean dauden korronte ezberdinen konfigurazioarekin ulertu daiteke; Argentina eta Uruguai, adibidez, mendebaldarragoak dira eta, eta orokorrean politika progresistak lehenago ezartzen dira bertan.
Inboluzioa
Gai honekiko atzerantz doazen herrialdeak ere badira. Brasilen, esaterako, ezkontza homosexualak oraindik ez dira guztiz legeztatu, baina egunerokotasunean bikote homosexualak normalki ezkontzen dira Brasilen, 2013an Nazio-justizia Batzordeak aldeko ebazpen bat onartu eta gero. Bolsonaro Brasilgo presidente berriak bere kanpainan sexu berdineko pertsonen arteko ezkontzen inguruan egingo zuenik esan ez bazuen ere, LGTBI kolektiboaren aurkako eraso iraunkorrak egin zituen, elementu zentral bihurtuz.