argia.eus
INPRIMATU
Azken krisia, gure garaia!
Ekotopaketak egingo dituzte Portugaleten irailaren 30etik urriaren 2ra
  • "Atzendu ezinezko gaiez mintzatu eta jauzi kualitatibo nahiz kuantitatibo bat emango duen euskal mugimendu berri baten beharrez aritzeko" topaketen aurkezpena egin dute ekainaren 15ean.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 17a

‘Azken krisia, gure garaia!’ lelopean aurkeztu dute Ekotopaketa Sestaon ekainaren 15ean. Krisi ekologikoa gelditzeko egin daitezkeen aukera gehiagoren bila ari da Ekotopaketak ekimena. Horregatik, iraileko azken asteburuan Portugaleteko Ekotopaketetan parte hartzera dei egin die herritar guztiei. Asteburuan hitzaldiak, mahai-inguruak, eztabaidak eta musika egongo dira. Honakoa gaineratu du ekimenak “Hau baldin bada Azken Krisia, hau da gure garaia! Eta hau, hasiera besterik ez da!”.

Aurkezpenean kezka adierazi dute: "Gertatzen ari denaz hitz egin beharra daukagu. Psikologoen kontsultak gaztez beteta daude. Antsietateak gora egin du gure urrezko kaioletan, korrika eta presaka goazelako, gero eta azkarrago, dena gero eta azkarrago: janari azkarra eta twit motzak, 30 segunduko bideo bat luzeegia da, harremanak kontsumozkoak eta trenak abiadura handikoak, gimnasiora kotxez eta 3G, 4G, 5G, 6G… Iphone-a ere zenbatgarren zenbakian doa? Hainbeste abiadura eta inoiz ez da hain denbora gutxi egon bizitzeko. Jaio, kontsumitu, hil. Hitz egin beharra daukagu...". Horretaz guztiaz hausnartzeko antolatu dituzte Ekotopaketak.