argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia Sozialaren enpleguak EAEko ekonomian duen pisua hazi egin da krisi urteetan
  • Ekonomia sozialeko enpleguak gainontzeko ekonomiak baino hobe eutsi du krisia, galerak izan baditu ere, Gizarte Ekonomiaren Euskal Behategiak argitaratu duen txostenaren arabera.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 20a
Kooperatiba Zuzenbideko eta Gizarte Ekonomiako Institutuko kideak Legebiltzarrean.

Behategiaren arabera, kooperatiba, lan sozietate edo enplegurako zentro bereziak bezalako entitateek osatzen dute Ekonomia soziala. Txostenean dio 85.000 enplegu inguru zeudela 2014 urtean sektore horretan. Kopuru horrek behera egin badu ere (2012an 86.000 ziren), ekonomia arrunteko enplegu kopurua are gehiago murriztu denez, Ekonomia sozialaren pisua handitu egin da.

Ekonomia Sozialaren baitan dauden entitateen kopuruak berriz, gora egin du azken urteetan. 2012 eta 2015 bitartean 24.368 entitatetik 25.488ra hazi dira. Lanpostu eta entitate kopuruan eutsi badio ere, sektore horrek ekonomia orokorrean duen pisua murriztu egin da: 2012an EAEko balio erantsiaren %5,42 ekoizten zuen, eta 2014an %4,58. Dena den, errekuperaziorako tendentzia batean dagoela dio informeak.

Arlo zehatzetara jota, enpleguak eduki duen garapena oro har positiboa da azken urteetan. Kooperatiben kasuan 55.121 langile 57.815era hazi da 2009 eta 2016 bitartean; elkarte eta fundazioak 12.448 enplegatutik 14.075era hazi dira 2010 eta 2014 bitartean, eta enplegurako zentro berezi eta txertatzeko enpresetako balantzea positiboa izan da ere. Sozietate laboralek hartu dute kolpea; 2009 eta 2016 bitartean 11.444tik 6.876ra murriztu dituzte enpleguak.