argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia sozialaren azoka Irungo Lakaxitan larunbatean
  • Olatukoop sareak zapatu honetan, urriaren 31an, Saretze Eguna eta ekonomia sozialaren azoka antolatu du Irungo Lakaxita gaztetxean. Eguneroko produktu eta zerbitzuen alternatiba eskaintzen duten enpresak izango dira bertan. Tailerrak, etxeko produktuen dastatzea eta musika izango da.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 29a
Saretze egunaren baitan, arratsalderako saio irekia antolatu dute Olatukoopekoek.

Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, azken hilabeteetako lanaren errepasoa egin, eta hurrengoetarako lan ildoen gainean hausnartuko dute Olatukoopekoek. Ondoren, bazkaria izango dute. Olatukoopeko kide den edo izan nahi duen edonor joan daiteke goizeko saiora, adierazi dutenez

Arratsaldean berriz, 17:00etan abiatuko da azokaren saio irekia lehen tailerrarekin. Linux sistema eragilea instalatzen erakutsiko dute. Hau bukatu ostean, 19:00ak aldera, garagardoa egiten ikasteko tailerra izango da. Tailerrak bukatuta, eta indarrak berreskuratzeko asmoz, pintxo ekologikoak eta etxeko garagardoa dastatzeko aukera izango da. Musikarekin emango diote amaiera egunari. Zarauzko Sofa eta Donostiako Pelax eta Cowboy´s Orchestra taldeak arituko dira 22:00etatik aurrera.

Antolatzaileen helburua, jada martxan dauden alternatiba batzuk ezagutzeko aukera eskaini, eta Irunera hurbilduko direnak hauen parte izatea da. Lakaxitan izango dira zenbait enpresa kooperatibo alternatiba horien berri emateko: Fiare eta Koop57 banka zerbitzu etikoak eta aurrezki kooperatibak, Goiener energia hornitzaile kooperatiboa, Basherri baratza kooperatiba eta kontsumo taldeen sarea, Bidazi kontsumo ekologikorako taldea eta Olatukoop azoka antolatu duen ekonomia sozial eraldatzailearen sarea.