argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia sozial eta eraldatzailearen mapa osatzeko crowdfundinga martxan
  • Eredu ekonomiko alternatiboa sustatzen duten Euskal Herriko enpresa, entitate eta ekimenak bilduko ditu Batura proiektuak mapa horretan. Abian jartzeko gutxienez 7.000 euro behar dituzte. Helburu horretara heltzeko crowdfunding kanpaina hasi dute.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 23a
Egitasmoen ikusgarritasuna eta interkooperazioa bultzatzeaz gain, kontsumo arduratsua sustatzea du helburu Batura proiektuak.

Egitasmoen ikusgarritasuna eta interkooperazioa bultzatzeaz gain, kontsumo arduratsua sustatzea du helburu. Baturak tresna izan nahi du ekonomia sozial eta eraldatzaileko erakunde eta ekimenak aurkitu, eta hauek zer eskaintzen duten jakinarazteko. Maparen funtzionamendua sinplea izango da: Alde batetik, mapan bertan eremu geografikoaren arabera zuzenean aukeratu ahal izango da entitatea, eta bestetik, bilatzaile baten bitartez nahi diren irizpideak filtratu ahalko dira. Esaterako, komunikazioa, euskara, kooperatiba...

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dute helburua ez dela lehia sortzea, ekonomia eredu gero eta demokratikoago baterako norabidea markatzea baino, guztia prozesu gisa ulertuta. Proiektuaren ideia Kataluniako XESek ( Xarxa d'Economia Solidària) bultzatutako paMAPAm mapa kolaboratiboaren eredutik dator.

Proiektua martxan jarri aurretik, ekimenaren arduradunek gutxienez 7.000 euro behar dituztela aurreikusi dute. Diru ekarpena egiteko webgunean zehaztu dute 7.000 euro horiek nola banatuko dituzten. Sari gisa, proiektua aurrera ateratzeko diruz laguntzen duen bakoitzak zozketa bono bat jasoko du. Saria osatzeko Katakrak liburu dendaren, Boga Garagardoaren eta Arrigorri Ostatuaren laguntza izan dute; irabazleak hiru hauen produktu eta zerbitzuez gozatzeko aukera izango du.

Nola parte hartu mapan

Ekonomia sozial eta eraldatzailea jorratzen duen edozein ekimen edo erakunde gehitu daiteke mapara. Batura ekimenak ez du mugatuko parte hartzea, baina irizpide batzuk ezarri ditu mapan sartu ahal izateko: tokiko ekonomiaren sustapena, gizarteratzea, merkatu sozialaren sustapena, sarea, banku etikoen erabilera, kontsumo energetiko mota, hondakinen kudeaketa, soldata eskala, garapen pertsonala, parekidetasun politikak, demokrazia eta jabetza motak.

Erakundeak eraldaketabatura@gmail.com helbidearen bitartez jarri behar dira harremanetan, eta galdetegi bat osatu. Gaindituz gero, mapan sartuko dituzte. Kontsumitzaileak ere harremanetan jarri daitezke. Baturak eskatu die mapa erabili eta zabaltzeko. Baita mapan parte hartu dezakeen edozein ekimenen berri emateko ere.