argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia sozial eraldatzaileko proiektu bat martxan jarri nahian bazabiltza: Koopfabrika
  • Gizartea hobetuko duen proiekturen bat martxan jarri nahian ari denak, samurrago eta gozagarriago egingo du bidea besteen esperientziaz lagunduta eta taldearen babesean. Horretarako, zabalik du Koopfabrikan izena emateko epea: bi formazio aldi daude aukeran, lehena, azaron eta abenduan Eskoriatzan egingo dena, eta bigarrena, otsailan eta martxoan Donostian egingo dena.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 20a

KoopFabrika Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Ekintzailetza Soziala bultzatzeko programa da. Urriaren 19an Donostiako Egia auzoko Teila Fabrikan aurkeztu dute ikasturte honetako egitasmoa. Bertan, Enara Izagirre Arrizabalagak bere esperientzia kontatu du: “Bide bat ireki nahi nuen. Buruan nuen zerbat zen soilik eta KoopFabrika modu bat izan zen buruan zegoen hori lurreratzeko. Formazioak eta bidelaguntza ezinbestekoak izan ziren bidean”. Jasotako sostengua azpimarratu du: “Bakarrik ez nagoela sentitzeko balio izan zidan KoopFabrikak. KoopFabrika gabe ez dakit aurrera egingo nukeen nire ideiarekin”. Ibilbide horretan Harago aholkularitzako kide bilakatu zen (artikulu honetan irakur daiteke Harago zer den). Baina ez hori bakarrik: “Hiru urte ondoren, orain KoopFabrikako bidelaguna naiz. Gozada bat da ikustea nola proiektu berriak datozen eta esku bat bota diezaiekegun”.

Proiektuak benetan eraldatzaileak diren neurtzeko Adierazle Sistema

Mirene Begiristain Zubillagak KoopFabrikaren baitan landu duten Adierazle Sistema azaldu du: “Duela urte batzuk abiatutako prozesua da hau, GEZKIren eskutik. Galdera bat egin genion gure buruari: proiektuetan benetan nola ari gara lantzen ekintzailetza soziala? Ez da tresna bat emaitzak neurtzeko, baizik eta prozesuek ze bide egin nahi duten definitzeko. Metodologia espezifiko bat duen proposamen bat egitera iritsi ginen eta KoopFabrikan erabiltzen ari gara honezkero. Adierazle sistemaren zutabe zentralak hauek dira: lanaren burujabetza, ekimen kolektiboa, lurraldea eta eraldaketa soziala, bizitzaren iraunkortasuna (oreka ekologikoa eta bizitza erdigunean), eta irakunkortasun ekonomikoa”.

Seigarren ikasturte honen hobekuntzak

Gorka Julio Hurtadok KoopFabrikak aurtengo ikasturterako dituen asmoak azaldu ditu: “Salto kualitatibo bat emateko tranpolina prestatzen ari garela esango nuke. Urte hauetan zehar metatu dugun ezagutzari eta metodologiei forma emango diegu eta guk eta beste batzuek erabiltzeko moduan prestatu. Bere garaian piloto izan zena errealitate bilakatu dugu eta orain sistematizatzea da helburua, unibertsalagoa izango den zerbait sortzeko, Gipuzkoatik hasi, Euskal Herrian hedatu eta mundura zabalduz”.

Koopfabrika 2017an jarri zen abian eta, ordutik, hamarnaka proiektu egosi dira bertan, modu batean edo bestean gure jendartearen eraldaketan dihardutenak. KoopFabrika erakunde hauen arteko elkarlanean antolatzen da: Olatukoop, GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua), Lanki (Mondragon unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegia) eta Gipuzkoako Foru Aldundia, proiektuaren finantzatzailea. Aurkezpenean Hernaniko eta Iturolako teknikari eta kideei ere eskerrak eman zizkieten orain arte KoopFabrikari emandako erraztasunengatik.

Hemen duzu izena emateko aukera, eta Eskoriatzan egingo den formazio aldiaren programazioa.