argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia sozial eraldatzaileko Olatukoop sareak zaintza dekalogoa plazaratu du
  • Norberaren zaintzatik hasi eta komunitatera zabaltzeko hainbat galdera eta erreminta erabilgarri proposatzen ditu Olatukoopek. Koronabirusaren krisian zaintzak erdigunean jartzea du helburu.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 13a

Gomendio orokor hauek eman ditu norberaren zaintza eta kolektiboen zaintzarako oso erabilgarri izango direnak: gardentasuna, erritmoak errespetatzea eta malguak izatea.

Gardentasunari lotuta, informazioa guztien eskura jarri eta erabakiak denen artean eta batzar moduan hartzea aholkatu du. Erritmoei lotuta daude beste neurri hauek: erritmoak errespetatzea, guztien denborak kontuan izatea, zalantzetarako tarteak eskaintzea...

Malgutasuna izan daiteke krisi egoera honetarako balio eraginkorrenetako bat: "Gogoratu egoerak aldakorrak izan daitezkeela, beraz etengabean errebisatu beharko ditugula hartutako erabakiak (bai indibidualak eta baita kolektiboak ere). Izan gaitezen malguak" aholkatu du.

Norbera ongi egonik iritsiko gara besteak zaintzera

Maila indibidualean "nola nago?" galdera planteatzen du, hiru eremutan: gorputza, burua eta emozioak. Gorputza mugiaraztea, emozio "on" eta "txarrak" bereiztu gabe hauek adieraztea eta gustuko zerbait egiteko edo ezer ez egiteko tarteak hartzea gomendatzen du.

Etxekoak zaintzeaz

Elkarrekin bizi direnen artean "nola gaude" galderari erantzutea proposatzen du eta baita ere ordutegiak jartzea, gaiez hitz egin eta denen artean erabakiak hartzeko asanbladak egitea eta etxeko lanak denen artean banatzea: "Zaintza lanak ikusgarri bilakatzeko momentua da".

Lankideen artean

Kooperatiba eta "enpresa komunitario"etan ere lankide bakoitza nola dagoen jakitea garrantzitsua dela azpimarratu du Olatukoopek: "Pertsonak ez bagaude ondo oso zaila eta presio handikoa izan daiteke martxa produktibo bat jarraitzea". Horretarako, "ezinbestean bermatu behar dugu enpresa kooperatiboa osatzen duten pertsona guztiek izatea haien egoera eta emozioen berri emateko espazio segurua: epairik gabe, gertutasun eta goxotasunetik. Elkartasunetik eta konfiantzatik abiatuta, errespetatu ditzagun bakoitzaren erritmoak eta beharrak".

Komunitatean parte hartu

Gertuenekoen zaintzatik hasita, ahal bada auzoetan antolatzen ari diren zaintza sarean parte hartzeko deia egin du.

Hemen irakur daiteke osorik Olatukoopen zaintza dekalogoa.