Emaús Gizarte Fundazioak eta EHNE Bizkaiak "Ideia bati bizia emanez" eskuliburua kaleratu berri dute. Ekonomia solidarioko, ekonomia feministako eta elikadura burujabetzako esperientzia zehatzak ditu oinarri eta lagungarri izango zaie batez ere agroelikadura sektorean proiektu ekonomiko bat martxan jarri nahi dutenei.
Ekonomia solidarioaren eta ekonomia feministaren ikuspegia hasieratik kontuan hartuta, molde kapitalistaz kanpoko jarduera ekonomikoak martxan jartzeko metodologia eskaintzen du eskuliburuak. Aste honetan ari dira aurkezpenak egiten (hitzorduak Emausen webgunean) eta hauetan parte hartzen ari da Maíra Cavalcanti Rocha, NESOLeko (Ekonomia Solidarioko Sao Paulo Unibertsitateko Taldea, Brasil) kidea eta eskuliburuan esperientziak teoriarekin uztartu dituena.
Jada martxan diren esperientziak oinarri
Besteak beste baserritarrak, bertako produktuak eta bidezko merkataritzakoak zerbitzatzen dituen Bidezko Bidean taberna, barazkien eraldaketa eta ontziratzea egiten duten Laneko kooperatiba eta jantokian bertako produktuak zerbitzatzen dituen Andramendi ikastolaren jarduerak dakartza eskuliburuak. Guztira Euskal Herriko 15 ekimen, Espainiako Estatuko 2 eta Brasilgo 3.
Kontuan hartu beharrekoak, ekonomia eta bizitza
Eskuliburuak urratsez urrats azaltzen digu buruan dugun ideia hori jarduera bihurtzeko egin beharreko bidea, urrats bakoitzean "Sustraitzeko galderak" planteatuz eta "Bertatik bertarako esperientziak" eskainiz adibide. Kudeaketa bideragarri egiteko ohiko aldagaiak ageri dira, esaterako zenbakiek eta orduek bat egiten ote duten. Bada, ordea, ekonomia kapitalistan planteatzen ez den aldagairik ere. Esaterako, bizitzaren iraunkortasuna: bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta pertsonala. Edo pertsonak: autokudeaketa eta taldeko lana. Edo erabakiak nola hartu hasieratik planteatzea. Komunitatearekin loturak –bertakoak eta mundukoak– ere azaltzen ditu eta emakume eta "gizonen arteko desberdintasuna, eredu aldaketa" gaia planteatu ere bai.
Eskuliburua lizentzia librepean duzue eskura: Ideia bati bizia emanez.