argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia solidarioaz eta feministaz jardunaldiak Donostian
  • Ekonomia alternatiboa eta solidarioa jomuga duten elkarteak eta norbanakoak elkartuko dira azaroaren 14an Donostian, eta diskurtso feminista azpimarratuz, ekonomiaren erdigunean bizitza jartzea posible den hausnartuko dute. Hurrengo egunean, 15ean, Ekonomia Solidarioaren II. Azoka egingo dute hiriburu berean.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 07a
Arrasateko azokako GUreztatu egitasmoaren bilera batean. Argazkia: www-mondraberri.com

Ekonomia solidarioa lantzen ari diren elkarteentzako eta bestelako gizarte taldeentzako galdera asko prestatu ditu REAS Euskadi jardunaldien antolatzaileak: Ekonomia solidarioaren erakundeak eta erakunde sozialak, bizitza erdigunean jar daitezkeen esparruak al dira? Bizi baldintza duinak errazten al dituzte? Harreman horizontalagoak, bidezkoagoak eta irekiagoak sortzen al dira? Rol eta estereotipoak apurtzen ari al dira?

Goizaren lehen zatian, bizitza erdigunean jartzea zer litzatekeen azalduko du REAS Euskadiko ekoSolFem (Ekonomia Solidarioa eta Ekonomia Feminista) taldeak. Bigarren zatian, esparru sozioekonomiko alternatiboen eraikuntza esperientziak azalduko dituzte: Merkatu Soziala, Fiare banku etikoa, Arrasateko azokako GUreztatu egitasmoa, Andere Nahia eta Basherri Sarea.

Azaroaren 15ean berriz, Ekonomia Solidarioaren II. Azoka izango da Donostiako Easo kalean eta enparantzan. 40 erakunde ingururen produktu eta zerbitzu salmenta eta informazio guneak egongo dira. Esparru askotako erakundeak bilduko dira: finantza etikoak, tokiko nekazaritza ekologikoa, garraio jasangarria, bidezko merkataritza, energia berriztagarriak, eraikuntza, ehungintza, mezularitza, ostalaritza, birziklapena, moneta soziala, gizarte esku-hartzea, eta abar. Egunean zehar zerbitzuen aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, haurrentzako ekintzak eta ekintza kulturalak egingo dira.