Ekonomia Sozial eta Solidarioaren azoka Bilboko Zabalgune Merkatuan egingo da azaroaren 8an eta 9an eta aurten izaera aldatuta dator: "Ez da azoka soila izango, partekatu, ikasi eta ospatzeko lekua baizik", diote antolatzaileek.
Sei urtez aritu da REAS ekonomia solidarioaren sarea "Merkatu Soziala" antolatzen EAEko hiri eta herrietan, beste ekonomia bat bultzatzen duten eragileen lana ikusgarri egiteko helburuarekin. Zazpigarren edizioa eraberrituta dator, festa edo ospakizun kutsua emango diote eta askoz malguagoa eta dinamikoagoa izango da, antolatzaileen esanetan.
Hala, ohiko standak beharrean txokoak eta mahaiak egongo dira eta parte hartuko duten erakundeen arteko harremanak sustatzeko espazioa ere sortu dute, baita txosna eta "txikigunea" ere.
Aurtengo edizioa OlatuKoopekin batera antolatu du REASek –ez da lehen aldia ekonomia eraldatzailearen sarea merkatu sozialaren antolaketan jarduten dela–, Bilboko Zabalgune Merkatuan, azaroaren 8 eta 9an. Berrogeita hamar eragiletik gorak parte hartuko du azokan, nekazaritza sektorekoak, komunikazio arlokoak, banku eta finantza etikoen ingurukoak, zerbitzuak eskaintzen dituztenak... Horretarako, hainbat gunetan banatuko dute aretoa.
Bi eguneko programazioa (pdf) antolatu dute ostiral arratsaldetik hasita: energia eta finantzen inguruko tailerrak, feminismoari loturiko jolasak eta hitzaldiak, besteak beste. Scappe Room berezi bat ere egongo da bertaratzen diren guztientzat eta txosnan sukaldean aritzeko aukera eta dastatze ariketak egingo dituzte.
ARGIAren uzta ere bai
Ekonomia eraldatzaileko eragileekin harreman estua du ARGIAk, eta Bilbon ere izango da, komunikazio proiektua ezagutarazteaz gain bere azokako produktuak saltzen: liburuak, kamisetak, poltsak, egutegiak... Zabalguneko dendan aurkituko dituzue horiek guztiak, ostiral eta larunbata arratsaldez.