Ezinbestekoak diren ura eta argia merkatuan erosi behar izatea. Non bizi edukitzeko banketxearekin betirako ezkontzea edo espekulatzaile bati hilabetero kasu egitea. Eskualde arteko garraio publikoa ziurtatzeko behar den dirua AHTra bideratzeagatik lanerako kotxea hartzea. Seme alabak antzerkira eramateko etxean plangintza ekonomiko bat egin behar izatea. Laburbilduz, bizitzeko merkatura jo behar izatea.
Inflazioa zer den ikasi behar izan dugun honetan, ongi dago gobernuei gogoraraztea ez garela langileak izan gure eros ahalmenaren menpe bizitzea erabaki dugunak. Ez dugula guk erabaki merkatua izatea gure herrietako ekonomia zuzentzen duena, eta erabaki ekonomikoak esku pribatuetan utzi ditugunak. Ongi dago gogoraraztea gure gainetik pasa direla, interes partikularrak gailentzen dituen sistema ekonomikoa ezartzeko. Eta hala bada, iraingarria da soldatak eguneratzea exijitzean egoera ekonomikoari begiratzea eta ulerkorrak izatea eskatzea. Norberaren ardurei iskin egiteko eskapismo politikoa berriro ere.
Pobreziaren arriskua nabarmen igo zen 2021ean, baita soldatapekoen artean ere. Baldintza hauetan, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko soldatak defendatzeko greba egitea eta zerbitzu publikoak exijitzeko kalera ateratzea arduraz jokatzea da, ez besterik. Baina egoerari buelta ematea ez dago gure esku. Merkatuari mugak jartzea eta enpresei aski da esatea, hori da gobernuei exijitzen dieguna. Asko da agian, baina ezin gutxiago eskatu. Funtsezkoa eta ezinbestekoa da pobreziari aurre egiteko, kito.